2009/06/21
Lehendik ezagutzen ditugu Facebook eta Tuenti . Bada, Zugaz.com ere horrelako sare sozial bat da gazteendako. Argazkiak, bideoak eta beste zenbait kontu konpartitu ahal izango dituzte gazteek webgune honetan. Horrez gain, jokoak ere badaude, webgunean bertan jolastu ahal izateko. Goienarentzat garatu dugu eta euskara hutsean dago.

Behin zure erabiltzailea edo Soslaia sortuta, eduki hauek aurkituko dituzu Zugaz.com-en (14 urtetik beherako gaztetxoek nagusiren baten laguntzarekin sortu beharko dute Soslaia):

  • Jokoak: 8.000 joko txikitik gora daude, webgunean bertan ibiltzeko. Ez duzu ordenagailuan programa berezirik instalatu beharko joko hauetan ibiltzeko. Gaika daude antolatuta: ekintza, abentura, mahai gainekoak, puzzleak, kirolak, gidatzekoak...
  • Argazkiak: zure argazkiak igo edo lagunenak ikus ditzakezu.
  • Tribuak: zure lagun taldearen edo gustuko duzun ekintzari buruzko taldea sortu eta eztabaidatzeko. Dagoeneko dantza taldeen, multikirol taldeen, igeriketa taldeen edota txirrindulari taldeen tribuak sortuta daude.
  • Mezutxoak: zure lagunei mezuak bidali edo "txateatzeko".
  • Trukeak: nahi duzuna trukatzeko, liburuak, posterrak, eskulanak...
  • Bideoak: zuk etxean edo ikastetxean egindako bideo horiek igo ditzakezu zure lagunek ikus ditzaten.
  • Postontzia: hemen ikusiko dituzu zure lagunek egindako mugimendu guztiak.
  • Kantariko bloga: Debagoieneko karaoke ikuskizunaren inguruko azkeneko berriak argitaratuko dira bertan.

Lagunekin egoteko leku segurua

 

Euskaldunon komunitatea da Zugaz.com eta hori horrela izanda ez da milioika erabiltzaile izango dituen webgune bat, sare sozial askorekin gertatzen den moduan. Gutxiago izatera, aldrebeskeriak antzematea ere errazagoa da eta, beraz, komunitate segurua duzu Zugaz.com. Zuk zeuk klik bakarrarekin argazki edo bideoren bat ez baduzu egokitzat ikusten eta Goienako administratzaileak segituan jakingo du iritzi hori.

 

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek