Twitterrek bere goia jo ote duen
Twitterren inguruko azkenengo albisteak ez dira onegiak. Ezin zalantzan jarri oraindik ere sare sozial zabal eta eraginkorra denik, baina azkenaldian agertu diren datuak ez dira horren diztiragarriak. Zenbait analista ere hasi dira esaten, Twitterrek goia jo duela, eta hemendik aurrera beherako bidea datorkiola.
Erabiltzaile kopuruari dagokionez, datuek jarraitzen dute onak izaten. Estatistika eta kopuru zehatzak ezkutu samarrak diren arren, Twitterrek dagoeneko 600 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, horietako 284 aktiboak azken hilabetean. 2013ko datuekin alderatuta, %23ko igoera da hori. Ez da datu txarra, hartara.
Arazoa, ordea, erabileran dago; erabiltzaileak irabazi arren, erabilera ez delako neurri berean hazi. Hau da, Twitter ez da orain dela urte bete bezain erakargarria erabiltzaileontzat. Hona beste zenbait datu:
- erabiltzaile igoera moteltzen hasi da, eta azken hiruhilabetekoan aurrekoetan baino askoz txikiagoa izan da.
- profilen eguneraketa ere beheraka doa.
- Twitterrera egunero sartzen den erabiltzaile kopuruak ere behera egin du.
Estatu Batuetako datuak eskuan, Twitterrek merkatua galdu du. 2013an 3. sare sozial erabiliena zen (Facebook eta LinkedIn zituen aurretik); 2014an 5. postura jaitsi da (Instagram eta Google+ ere aurretik ditu). Eta beste pare bat ere hur-hurrean ditu (Pinterest eta Snapchat).
Datu ekonomikoak ere ez dira uste bezain onak. Enpresaren fakturazioa handitzen ari da (inoizko fakturazio onena espero du 2014an), baina orotara dirua galtzen jarraitzen du; eta analista ekonomikoek ere zalantzan jartzen dute orain pare bat urte Twitterrek zuen indarra.
Eta Euskal Herrian?
Euskal Herriko estatistika zehatzik ez dugu, baina UMAPek hurbilpen nahiko fidagarria ematen digu azken hilabeteetako jardunaz. Codesyntaxek garatutako tresna da UMAP, eta 2010etik hona Twitterren argitaratzen den euskarazko jarduna jasotzen dugu. Eta hor ere beherakada sumatzen da; edo, gutxienez, garai bateko igoera azkarra eten egin dela.
Twitterreko erabiltzaileak ere etengabe igo dira Euskal Herrian ere, noski, baina erabilerari buruzko datuak begiratzen baditugu, badirudi draga sartu diotela makineriari.
Hona hemen, adibidez, azken 5 urteotako euskal twitterlari aktiboen kopurua (ez erabiltzaile guztiak , bizirik dauden kontuena baizik; hemen azalpen gehiago):
Hasierako gorakada eten egin da 2014an, eta beherakada txiki bat ere nabari da azken hilabeteotan. Twitterren kontua duten erabiltzaileen artean, hortaz, gero eta gutxiago dira kontu hori erabiltzen dutenak.
Eta bada beste datu bat: Twitterren dabiltzanek ere, gero eta gutxiago txiokatzen dute. 2013ko eta 2014ko datuak alderatuta, esate baterako, 2013an, bataz beste hilean 450.000 txio banatzen genituen bitartean, 2014an ozta-ozta iristen gara 400.000ra (erabiltzaile gehiago izan arren).
Urte bukaeran emango dugu euskal twitterlarien argazki zabal eta zehatzagoa UMAPen bertan, baina gera bedi hemen aurrerapen gisa datu hori: Twitterren erabilerak behera egin du zertxobait euskaldunon artean.
Egoeraren zergatia
Twitterrek une honetan daukan geldialdi moduko horren zergatiak aztertzeko orduan, bi aipatuko nituzke garrantzitsuenen artean.
Alde batetik, zenbait analistek, Twitterrek duen berrikuntza eza azpimarratzen dute. The New York Times egunkarian azaldu duten bezala, Twitter ez da ia aldatu bere jaiotzatik, eta erabiltzailearentzat berdin-berdina da oraingo Twitter eta orain 5 urtekoa. Lehen egin genezakeen berbera egin dezakegu orain ere. Bien bitartean, Facebook etengabe ari da itxura eta produktu berriak aurkezten. Batzuetan erabiltzaileen kalterako eta amorrurako, baina aplikazioa "bizirik" dagoela adieraziz. Erabiltzaileon experientzia aldatzen doa denboran zehar, eta iruditzen zaigu tresna berri batekin jolasean ari garela etengabe. Eta berrikuntza (ia) beti da erakargarri.
Bada, baina, beste arrazoi bat ere. Izan ere, Twitterrek duen beste arazoa da lehiakide berriak dituela, azken urteotan indartsu iritsi direnak merkatura eta erabiltzaileen artean interes gehiago sortzen dutenak. Tresna berri horiek (Instagram, Pinterest, Google+, Snapchat, Vine...), gainera, badute antzeko helburua: irudiak eta emozioak partekatzeko tresnak dira, funtsean.
Neurri batean Twitter ere izan daiteke emozioak eta argazkiak partekatzeko gunea, baina ez preseski. Twitterren informazioa trukatzen dugu, hausnarketak plazaratzen, loturak partekatzen... Bada herritarren zati bat horretarako prest dagoena, baina ez guztiak. Eta, ostera, nori ez zaio gustatzen argazkiak atera eta bidaltzea? Norbere emozioak ezagunekin partekatzea? "Hemen nago" esatea? Giza izaeraren oinarrian dagoen jokabidea da hori.
Azken batean, Twitterrek galdetzen digu "Zer berri?"; eta gainontzekoek galdetzen digute "Zer ari zara?".
Eta lehenengo galderari erantzuteko 140 karaktere behar dituzun bitartean, bigarrenerako aski dituzu bi hatz-kolpe: klik! send! Azkarragoa; zuzenagoa; emozioei lotuagoa.
Hain zuzen ere, gogoratzen duzue zein zen Twitterren hasiera-hasierako slogan eta galdera? Bai, horixe: "What are you doing?".
Twitter 2008an
Tira, sarreran aipatutakora itzuliz: gainbeheraren hasiera, edo behin-behineko txakalaldia? Twitterren sendotasuna ikusita, nik neuk ez diot amaiera bizkorrik aurrikusten (ezta espero ere). Hala ere, teknologiak daraman ziztua ikusita, ez litzateke harritzekoa izango gaur egun puri-purian dauden hainbat tresna (dela Twitter, dela Instagram, Whatsapp, Pinterest, edo beste edozein), urte gutxi barru oso bazterreko izatea, eta erabiltzaileak beste plataforma eta komunikazio-motetara mugitzea.
Izan ere, ezin uka Twitter azken 6-8 urteotan Internetek eman duen tresnarik garrantzitsuenetarikoa izan dela, eta sarea ez ezik, komunikazioa ulertzeko modua ere itzulikatu duela; baina The Atlantic aldizkarian zehaztu duten moduan: Twitter is the platform that led us into the mobile Internet age. It has done for social publishing what AOL did for email. But nobody has AOL accounts anymore.
Ea zer dioskun etorkizunak.