2017/03/10
Umap tresnaren bidez Twitterreko euskarazko jarduna filtratu, bildu eta aztertzen dugu. 2016an zehar Twitterren jardun duten 15.000 txiolariren txioak aztertu ditugu. Guztira 6,2 milioi txio bota dituzte guztien artean, %42 euskaraz. Egunean, batez beste, 7.000 txio euskaraz. Txiolarien profilari dagokionez, %66 gizonezkoak dira eta %34 emakumezkoak. Gehien goizez txiokatzen dugu, eta asteazkenetan. Horrez gain, urtean zehar aktiboenak izan diren txiolarien kontuak ere aztertu ditugu, edota gehien partekatu ditugun informazio-iturri, albiste eta bideoak zeintzuk diren ere jaso dugu. Hona hemen 2016. urteak zer eman duen Twitterreko euskaldunon komunitatean.

15.000 txiolari inguru euskaraz txiokatzen

Umap.eus tresnaren bitartez, Twitterreko euskarazko jarduna batu eta aztertzen dugu. Txio eta txiolarien jarraipena eginez, jakin badakigu azken urteotan 20.000 twitter kontu inguru aritu direla euskaraz txiokatzen, gutxieneko maiztasun minimo batekin. Beste milaka batzuk ere badira, kontua sortu baina erabiltzen ez dutenak, dagoeneko kontua itxi dutenak, edota euskaraz jakin arren, erdaraz bakarrik mintzo direnak.

Hilero-hilero jasotzen ditugu datuak gure txostenen bidez, Umap.eus webgunean. Azken 2 urteotan, gutxi gora-behera, hilero 10.000 erabiltzaile aktibo inguru ari dira euskaraz txiokatzen. 2016 urteko datu guztiak hartuta, gutxienez 13.000-15.000 euskal txiolari daudela esan dezakegu, euskaraz txiokatzen.

Gutxi edo asko dela irudituko zaio batari edo besteari, baina nahiko ziur esan dezakegu euskara dela Twitterren bizien dagoen hizkuntza txiki edota gutxitua. Gutxienez, komunitate trinko eta aktiboena daukana.

Hemendik aurrera aurkeztuko ditugun datu guztiak, gure datu-basean ditugun 16.000 erabiltzaileren datuetatik ateratakoak dira. 2016an zehar erabiltzaile horiek argitaratutako txio guztiak jaso ditugu (6,2 milioi txio baino gehiago), eta horietan oinarrituta atera ditugu ondorengo datuak. Artikulu honetan bildu dugun informazio guztia PDF honetan jaitsi dezakezu (PDF, 1,2 Mb).

Twitter kontuen erdia norbanakoena da, eta gizonezkoen proportzioa emakumezkoen bikoitza da

Nolakoak dira euskal txiolariak? Norbanakoak dira? Hedabideak? Laburpen txiki bat egin dugu, txiolarien profilak 7 talde nagusitan antolatuz (iaz egin genuen lehen hurbilpena; artikulu hartan xehetasun gehiago). Laburbilduz, ikusi daiteke gutxi gora-behera kontuen erdiak norbanakoenak direla (%46), eta gainontzekoen artean, gizarte mailako ekimenak direla nagusi (%25): herri ekimenak, alderdi eta sindikatuen kontuak, ekologia, feminismoa, kirola, hezkuntza, zientzia eta teknologia,... Hona hemen banaketa osoa, arloka.

Umap 2016 - Txiolarien profila

Gizon-emakumezkoen arteko proportzioa

Gizon-emakumezkoen arteko proportzioari dagokionez, gizonezkoek jarraitzen dute nagusi izaten euskal txiolarien artean, nahiz eta azken urtean proportzioa zertxobait parekatu den. Gizon/emakume bezala identifikatu daitezkeen kontuak aztertuta, hauxe da une honetako proportzioa: %66 gizonezkoak eta %34 emakumezkoak.

Umap 2016 - Gizonezkoak eta emakumezkoak

2,5 milioi txio euskaraz azken urtean, gure txio guztien %42

Euskal txiolarion artean, guztira, 6,5 milioi txio inguru bota ditugu. Horien artean 2,6 milioi izan dira euskaraz (%42). Gutxi gora-behera beste horrenbeste egin dugu gaztelaniaz (%40) eta %4 inguru ingelesez eta frantsesez. Hizkuntza zehaztu gabe geratu dira txioen %14 (txio elebidunak, beste hizkuntza batzuetakoak, edo hizkuntza zehazteko laburregiak zirenak). Hizkuntza detektorearen inguruko azalpenak Umapen bertan aurkituko dituzu.

Umap 2016 - Hizkuntza erabilera txioetan

 

Umap 2016 - Hizkuntza erabilera txioetan gazta

Batez beste, egunero euskarazko 7.000 txio inguru argitaratzen ditugu komunitate honetako kide guztion artean.

Euskara-erabilera, gutxi gora-behera, aurreko urteetako parametroetan mantentzen da (%40-45 artean). Hona hemen azken 10 urteotako laburpena (adi, 2013. urtetik atzerako datuak nolabaitekoak dira, bilketa/azterketak egiteko erabilitako metodologiarengatik eta muga teknikoengatik).

Umap, txioen banaketa, hizkuntzaren arabera (2013-2016)

Euskara-erabilera igo egiten da txio zuzenetan eta jaitsi erantzunetan

Euskara-erabilera aldatu egiten da txio motaren arabera. Esate baterako, txio zuzenak bakar-bakarrik neurtzen baditugu, euskara-erabilera igo egiten da (txio zuzenen %48 inguru da euskaraz). Aldiz, euskara gutxiago erabiltzen dugu birtxioetan eta erantzunetan (%38 eta %36, hurrenez hurren). Nolabait ulergarria: lehen hitza euskaraz egiten dugu, baina beste batzuen jarduna birtxiokatu edo erantzutean, beste hizkuntza batzuen eragina handiagoa da, euskal komunitatetik kanpoko twitterlariak sartzen direlako ekuazioan. Ezta, Zaldieroa? ;)

Umap 2016 - Euskara erabilera txio motaren arabera

Kopuru hori da euskaldun guztion datuak aintzat hartuta, baina alde handia dago erabiltzaile batzuetatik beste batzuetara, noski. Badira ia euskara hutsean dabiltzanak, baina badira, era berean, urte osoan euskarazko txio bakarra ere idatzi ez dutenak:

Umap 2016 - Txiolariak, euskara erabileraren arabera

Hor garbi ikusten da, orotara 15.000 euskal txiolari aipatu arren, euskaraz nagusiki dabiltzanak gutxiago direla: %42 inguru dira euskaraz erdaraz baino gehiago txiokatu dutenak, eta %19 batez ere euskaraz ari direnak (txioen %75 baino gehiago euskaraz egin dutenak). Azken talde horretakoak 2.500 twitter kontu inguru dira.

Euskal txiolari aktiboen multzoa, 2.500 ingurukoa

Berdina gertatzen da aktibitatea neurtzean. Ezberdintasun handia dago erabiltzaile batzuetatik besteetara. Badira urte osoan txio bakanen bat bota dutenak, eta badira egunero dozenaka argitaratzen dituztenak. Batez beste egunero gutxienez euskarazko txio bat botatzen dutenak erabiltzaileen %18 besterik ez dira; beste %30 batek astean gutxienez txio bat botatzen du euskaraz; eta gainontzeko %52ak oso tarteka-marteka txiokatzen du euskaraz (urte osoan zehar 1-50 txio guztira).

Umap 2016 - Euskarazko txioen maiztasunak erabiltzaileko

Kasu honetan ere, horixe da irteten den kopurua, 2.500 txiolari ingurukoa. Horixe da Twitterren nagusiki euskaraz eta maiztasun minimo batekin (batez beste, gutxienez, egunean txio bat) gabiltzanak.

Txiolari aktiboenak eta jarraituenak

Milaka txiolari horien artean, 2016an aktiboenak izan direnak ere zerrendatu ditzakegu. Zerrendako lehenengo tokietan daude, espero bezala, hedabide nagusien Twitter kontuak:

Txiolari arruntei dagokienez, hauexek dira 2016an zehar aktiboenak izan diren txiolariak (euskarazko txio zuzenak zein birtxioak kontuan hartuta): txargain, birasuegi, inigosuspe, Suagaar, txerren, JoneEtxeberria, UxuneM, ZEtxeburua, protoeuskaldun eta AnaisNi.

Euskarazko Twitter kontu jarraituenak

Euskaraz diharduten eta jarraitzaile gehien dituzten kontuei dagokionez, Berria eta Athletic_Eus dira nagusi, 55.000 jarraitzaile ingururekin. Umapen zabalago jardun genuen honetaz, 2016ko udan (bertan datu gehiago, txiolari jarraituenen inguruan).

Hedabideak alde batera lagata, jarraitzaile gehien dituzten euskal txiolarien zerrendari dagokionez, ondorengo irudian dituzue hamar jarraituenak. Guzti horietatik 3 bakarrik dira euren jarduna nagusiki euskaraz dutenak: Laura Mintegi (%60 euskaraz 2016an), Maddalen Iriarte (%83) eta Xabier Euzkitze (%85). Gainontzekoak, nagusiki erdaraz ari diren txiolariak dira.

Umap 2016 - Jarraitzaile gehien dituzten txiolariak

 

Euskara hutsean txiokatzen duten txiolarien artean (%70 edo gehiago euskaraz), eta aipatutako M. Iriarte eta X. Euzkitzerekin batera, hauek lirateke zerrendako hurrengoak, guztiak ere 6.000-9.000 jarraitzaile ingururekin.

Horietako gehienak Umapeko asteroko Ranking-eko gailurrean izan dira urte osoan zehar. Euskal Twitter komunitateko aurpegirik ezagunetakoak dira, nahiz eta txiolari eraginkor eta ezagunen Ranking horretan beste izen batzuk ere aipatu behar diren, besteak beste, Iñaki Petxarroman, Xabier Mendiguren, Eneko Fernandez eta Urtzi Urkizu, jarraitzaile gutxiago izan arren, 2016an zehar, astero-astero, Umapeko Rankingaren top-topean azaltzen direnak.

Gehien goizez txiokatzen dugu, eta asteazkenetan

Eguneko orduak aztertuz gero, garbi geratzen da batez ere ordu-tarte batzuetan txiokatzen dugula. Goiza da une gorena (9etatik 13etara), eta gau aldean ere bada beste aktibitate-garai bat (8etatik 11etara).

Umap 2016 - Euskarako txio kopurua orduka

Asteko egunak aztertuz gero, ostera, aldea ez da horren nabarmena. Gehien asteazkenetan txiokatzen dugu, eta gutxien asteburuetan, baina ezin esan gainontzean sekulako alderik dagoenik ere egun batetik bestera. Astelehenetan euskal hedabideen presentzia txikiagoa izateak eraginen bat izan dezake, ziurrenik, gora-behera txiki horretan, gure ustez.

Umap 2016 - Euskarako txio kopurua asteko egunen arabera

 

2016ko TT euskaldunak

Umapek unean uneko joera nagusiak ere neurtzen ditu. Twitterreko euskaldunok gehien aipatzen ditugun gai eta traolak, Joerak deitzen dieguna. Nolabait esateko, TT euskaldunak. Zalantzarik ez espainolezkotik erabat ezberdina dela gehien-gehienetan euskaldunok Twitterren hizpide duguna.

Eguneko eta hileko jarraipena Umapen duzu ikusgai (ikus azken urteko artxibo osoa). Urte osoko jarduna aintzat hartuta, berriz, hauek dira euskaldunok 2016an Twitterren hizpide izan ditugun gai txiokatuenak.

  • #altsasu
  • #PresoakEtxera
  • #HemenEtaOrain
  • #Donostia2016
  • #EginHerri
  • #RealSociedad
  • #Ezgoazetxera
  • #aztnugal
  • #athlive
  • #erraustegirikez
  • #E5erabaki
  • #euskara
  • #hartutrena
  • #GipuzkoaZutik

Euskaldunok partekatzen ditugun informazio-iturriak

2016ko udazkenean txosten zabala aurkeztu genuen euskaldunok twitterren partekatzen ditugun informazio-iturrien inguruan, Digitaro Jardunaldietan. Txosten horretan aurkituko duzu informazioa zabalago, eta hemen 2016ak eman duenaren laburpen bat, 5 datu nagusirekin:

  • Euskaldunon txioen erdiak (%49) esteka bat dauka.
  • Guztira 30.000 webgune ezberdinen estekak partekatu ditugu Twitterren euskaldunok. Eta, orotara, 661.500 URL ezberdin izan dira.
  • Euskaldunok euskarazko informazioa-iturriak partekatzen ditugu gehienbat, erdarazkoak baino askoz-askoz gehiago.
  • Guztien artean 2 hedabide dira erreferentzia nagusi euskaldunontzat, biak ere euskaldunak: Berria eta Argia. Tokiko hedabideek ere, guztiak batera zenbatuta, toki nabarmena dute.

Umap 2016 - Partekatutako informazio-iturri nagusiak (Digitaro)

2016an gehien birtxiokatu den albistea

2016. urtean zehar euskaldunok partekatu ditugun 600.000 esteka ezberdinen artean, hauxe da aipamen eta birtxio gehien jaso zituena, Berriak argitaratutako Iruñeko bi haur eskolen eredu-aldaketa bertan behera utzi du auzitegiak. Argiak argitaratutako hau, berriz, bigarrena: Espainiako Gobernuak Argia zigortu zuenean Mozal Legea erabilita. Berori da, gainera, euskaldunok gehien txiokatu dugun argazkia.

 

2016an gehien birtxiotu den txioa, ordea, beste bat izan zen. Enekoitz Telleriak Rioko jokoetatik bidali zuen hau, Maddalen Chourrautek nazioarteko prentsaurrekoan euskaraz egin zuenekoa. Ia-ia 900 birtxio jaso zituen, eta bera da 2016an gehien partekatu dugun bideoa.

 

Eta euskaraz erantzun zabalena jaso zuen txioa, berriz, gaztelaniazko beste hau izan zen, hauteskunde-kanpainan sozialistek euskararen inguruan zabaldu zutena.

 

Gehien partekatu diren bideoak

Bukatzeko, eta bakarrik bideoei erreparatuz, hauek dira 2016an zehar Twitterreko euskal komunitateko kideen artean gehien partekatu diren bi bideoak. Hauteskunde-kanpainakoa lehena, euskararen ingurukoa, eta Gure Esku Dagoren spota bigarrena.

 

 

Twitterreko euskarazko jarduna - Umap 2016 laburpen-txostena

Artikulu honetan bildu dugun informazio guztia dokumentu honetan ere jaso dezakezu: jaitsi PDF formatuan (1,2 Mb).

Umap erreminta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzei esker garatu da. 2016ko txostenak GFAren laguntza jaso du.

 

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek