Tribual aplikazioa berrituta eta eleanitz (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez)
Dagoeneko badira hilabete batzuk Tribual jokoaren lehenengo bertsioa sareratu genuena. Harrezkero 1500 lagunek jaitsi dute, eta ia-ia 300.000 partida jokatu dira. Jokoak, gainera, GipuzkoaApps saria ere irabazi zuen. Oraingo honetan, jokoaren bigarren bertsioa aurkezten dugu: teknikoki hobetua, galdera gehiagorekin aberastuta, eta eleanitz bihurtuta. Izan ere, hemendik aurrera, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jokatu ahal izango baita Tribualen.
Bi-hiru apunte tekniko
Gailu mugokorretarako galdera-erantzunen jokoa da Tribual, mekanika erraza duena. Bost galderako sortak erantzutea da koxka, ahalik eta azkarren.
Garapenean, hiru kapa desberdindu ditugu hasiera-hasieratik:
- 1. Jokoa bera. Erabiltzaileak mugikorrera jaitsi eta ikusiko duena. Diseinu erakargarri eta sinple bat, kronometro bat denbora neurtzeko, galdera eta erantzun posibleen orria, tribuak, azalpen orri batzuk... hori guztia aplikazioek izan ohi dituzten ezaugarri eta mugak kontuan hartuta egiten saiatu gara.
- 2. Backend-a. Informazio guztia zerbitzarian gordetzen da. Logika osoa dago backend horretan: galderak zer eta zeini zer ordenetan eman, nola egin puntu banaketa, sailkapena, historikoa, partida asignazioa, hizkuntza negoziazioa, erabiltzaileen perfilak gailu desberdinetan, push mezuen kontrola. Eta abar. Jokoarekin egin beharreko komunikazio guztia API bidez egiten da.
- 3. Galdera sorkuntza. Goiko puntuan aipatu dugun backend-aren parte bezala ere ulertu genezake, baina baditu ezaugarri propioak ere eta beste kapa bailitzan lantzen dugu galdera sorkuntza, iturri desberdinetatik egiten baita eta, kasu honetan, karga eta bestelako ezaugarriak geuk kontrolatu baititzakegu zuzenean jokatzen ari diren erabiltzaileengan eragin gabe. Iturri desberdinetatik sortzen dira galderak eta horretarako egin den programa bakoitzak du bere ezaugarri propioren bat. Twitterretik hartu ditugu galdera asko, Wikipediatik (DBPediatik) gehienak, Panoramio, Google Maps... geuk propio sortutako galderak ere badira. Uste dugu honek ematen digula berezitasuna, galdera sorkuntza dinamiko honek, alegia. Izan ere, dagoeneko 130.000 galdera baino gehiago sortuak ditugu eta, gainera, momentuoro ari gara galderak sortzen, Twitterretik adibidez.
Kapa desberdinok egin ahal izateko, ohikoak ditugun teknologiak baliatu ditugu. Python, Django, Ngnix, MySQl... Android aplikazio natiboa da, berriz, jokoa bera.
Datozen hilabeteetan tribu, galdera eta hizkuntza gehiago
Momentuz, 3 hizkuntzatan antolatu ditugu 'Tribuak'. Hizkuntza bakoitzak du bere tribu nagusia, galdera desberdinez osatutakoak. Baina, horrez gain, tribu 'tematikoak' sortzeko aukera ere badago. Euskaraz, adibidez, matematika, geografia eta euskal literaturaren inguruko tribu propioak sortu ditugu. Eta etorriko dira gehiago. Tribu tematiko horietan, gainera, hizkuntza ezberdinetan ari diren jokalariek euren artean lehiatzen dute (ingelesek euskaldunen kontra, euskaldunek espainolen kontra, eta abar).
Galdera-sorkuntzan ere etengabe jarraituko dugu lanean, eta hizkuntza gehiago ere sareratu nahi genituzke; izan ere, joko eleanitza egiteko mekanika ondo ezarri ostean, hizkuntza eta merkatu berrietara jotzeko asmoa dugu.