Tokikom hedabideentzako web-plataforma berritu dugu, "batasuna" eta "malgutasuna" uztartuz
CodeSyntaxentzat estrategikoak dira euskalgintzako eragileekin bideratzen ditugun webgune eta egitasmoak. Besteak beste, 2013az geroztik Tokikomekin eta herri hedabideekin bideratu dugun Tokikom Web Plataforma.
Euskarazko 60 toki komunikabidek osatzen dute Tokikom sarea eta hedabide horiei Interneten publikatzeko plataforma bateratu bat garatu genuen, Tokikomekin elkarlanean, 2013. urtean. Harrezkero, ia 20 hedabidek darabilte plataforma zentral berbera, tokiko hedabideek Interneten argitaratzeko behar dituzten tresna eta funtzionalitateak eskainiz: albistegia, agenda, komunitatea, gida komertzialak, iragarkiak, zorion-agur eta eskelak, bideoteka, argazki-galeriak, eta abar. Guztira 30 erreminta inguru eskaintzen ditu plataformak.
Duela bost urte hasitako ibilbide haren bigarren urratsa eman dugu 2018an zehar, Tokikom Plataformaren 2. bertsioa garatuz. Funtsean, birdiseinu oso bat izan da, Tokikomeko Batzorde Teknologikoko kideen laguntzarekin bideratu duguna maiatzaz geroztik. Azpiegitura teknikoa eguneratu eta berritzeaz batera, batez ere hiru izan dira fase honetako helburu nagusiak: webguneen bista orokorrak mugikorretan pentsatuz birdiseinatzea, webgune guztien txantiloiak bateratzea eta hedabide bakoitzari bere izaera emateko portada-sistema malgu bat garatzea, bakoitzak bere beharretara egituratu dezan edukia, guztiek ere azpiegitura berbera erabili arren.
Txantiloi bateratuak (baina malguak) eta mugikorretan pentsatuta diseinatuak
Lehenengo helburua, beraz, mugikorretan zentratzea izan da. Tokiko hedabideetako kontsumoaren zatirik handiena mugikorretatik dator dagoeneko, eta joera horrek hazten jarraituko du datozen hilabeteotan. Tokikom plataformako hedabideen estatistikak hartuz gero, trafikoaren %65 inguru dator mugikorretatik eta hedabide batzuetan %80ra ere iristen da. Horren ondorioz, helburua ezin zen izan webgunea mugikorretara egokitzea, plataforma berria mugikorretan pentsatuz garatzea baizik. Mobile First, alegia (eta kasu batzuetan, baita Mobile Only ere). Horixe izan da gure ardura nagusia garapen fase honetan zehar, edozein erabaki hartzeko orduan, garbi izatea mugikorretako trafikoa dela lehenetsi behar genuena. Irudikatu irakurlea bere etxeko sofan, edo autobus geltokian, tokiko hedabidera sartzen eta informazioa bilatzen. Zer behar du? Nola hobetu bere erabiltzaile esperientzia?
Bigarren asmoa txantiloiak bateratzearena izan da. Tokikom Plataformaren aurreko bertsioan, hedabide guztiek zerabiltzen azpiegitura tekniko berbera, baina webgunearen frontenda, alderdi publikoa, hedabide bakoitzarentzat garatua zegoen ia erabat. Malgutasun horrek baditu bere abantailak, noskia (batez ere, hedabide bakoitzarentzat detaile guztiak garatu eta diseinatu ahal izatea), baina plataforma bateratu baten kasuan, zailtasun batzuk ere bazekartzan, edozein garapen berri inplantatzeko orduan, dozena eta erdi webgune ezberdinetarako diseinatu beharra sortzen zigulako, horrek garapena luzatuz eta garestituz. Azken hilabeteotan, hortaz, txantiloiak bateratzera jo dugu. Hedabideen artean irizpideak finkatu, erabakirik egokienak hartu, eta txantiloiak erabaki horien arabera egokituz.
Txantiloiak bateratzera jo dugu, beraz, baina ahal zen neurrian hedabide bakoitzaren izaera eta lehentasunentzat tartea lagata. Izan ere, jakin badakigu Tokikomen barruan oso izaera ezberdineko hedabideak daudela, badira oso txikiak eta badira askoz handiagoak, badira herri mailakoak zein eskualde (edo probintzia) mailakoak, badira zerbitzu batzuk eskaintzen dituztenak eta beste batzuk ematen dituztenak,... Nola uztartu "bateratzea" eta "malgutasuna"? Hortxe izan dugu gure lanik handiena, txantiloiak bateratu arren, hedabideei euren beharrak asetzeko moduko malgutasuna utziz. Bai atal edo alor mailan, zein webgunearen azal nagusian ere.
Horretarako, garapen tekniko handia egin behar izan da azken asteotan, malgutasuna eta batasuna uztartzeko aukera emango ziguna. Atal mailan egin behar izan dugu, lehenbizi, widget bidez bideratuz (kode eta txantiloian joan behar dena, edukitik ahalik eta gehien banatuz). Esate baterako, hedabide bakoitzak bere erara kudeatzen ditu eskelak, eta guztientzat irtenbide bat ematen saiatu gara. Bestalde, eta bereziki, webgunearen azal nagusiak oso malgu behar zuen. Horretarako, hedabide bakoitzak bere gustura konfigura ditzakeen portadako blokeak garatu ditugu, hedabide bakoitzaren esku utziz bloke horien presentzia, hierarki, diseinua eta egitura.
Ustez, behintzat, eta Tokikomeko lagunekin elkarlanean, irtenbide egokia eman ahal izan diegu udaberri partean zehaztutako helburuei; gu pozik gaude, bederen! Lan horren emaitza webgune bisualagoa da, mugikorretan pentsatuz diseinatua eta erabiltzailearen esperientziari garrantzia ematen diona. Espero dugu zuen gustukoa ere izatea.
Dagoeneko 8 hedabide argitaratuta; otsailerako ia 20
Plataforma zentral berrian oinarrituriko webguneak publikatzen dihardugu urriaren amaieratik. Orduantxe publikatu genuen Goiena berritua. Ondoren etorri dira Euskalerria irratia, Anboto, Baleike, Ataria eta Maxixatzen. Eta aste honetan argitaratuko dira Erran eta Karkara berriak. Urtarriletik aurrera ere, beste 10 hedabide ekarriko ditugu diseinu berrira.
Orotara, 4 hilabeteko epean, ia 20 hedabide eguneratuko ditugu. Erronka teknologiko eta logistiko polita izan da guretako hau guztiau. Eskerrik asko konfidantzagatik eta emandako laguntzagatik Tokikomeko lagunei!