2018/05/18
IEB 2018 biltzarrean, hitzaldia eman nuen: "Euskal telebista Internet etxeko aparailu honetara konektatu zaigun garaian". Nahita dago izenburuan 'telebista' letra xehez, baina larri hartzekoa da, ordea, Telebista-Internet binomioaren garrantzia. Ingurune birjina euskararentzat, non lehen aplikazio bat garatu ahal izan dugun (JarriON): erronka latza dugu hor, eta gure aldetik, saiatzen jarraitu nahi dugu.

Aste honetan Informatikari Euskaldunen Biltzarrean parte hartu dut. Profesionalki Interneteko kontuetara dedikatzen naizenetik, behin baino gehiagotan egon naiz topaketa hauetan, eta beti da plazera bertsatik azaltzea.

Burujabetza teknologikoa zen gaia IEB 2018 honetan eta, enpresako produktu jakin bat (JarriON) aurkeztu nuen arren, uste dut saiatu nintzela perspektiba ematen ikuspegi originaletik: hiru pantaila mota daude jada gehienon bizitzan, ordenagailukoak, mugikorretakoak eta telebistakoak. Lehen bi multzoetakoak erabat daude sartuta Interneteko zurrunbiloan, eta telebistakoak laster egongo dira. Hortaz, Internet-Telebista binomioan euskarazko zer zerbitzu eta aplikazio izango ditugun, eta zein bitartekorekin iritsiko diren horiek etxeko sofa aurrera, uste dut hori badela denon artean hausnartu beharreko zerbait.

Ez nuen oso ikuspegi optimista marraztu nire aurkezpenean (hemen duzue originala). Internet-Telebista binomioan oso aukera gutxi aurreikusten dizkiot euskarari: eskaintza infinitu batean ezer ere ez, edo eskaintza infinitu batean euskarazko ale bat edo beste. Eta ale bakan horiek, geuk asmatu beharko ditugu, inork ez baititu guretzako berez sortuko.

Bide horretan sortutako tresna da JarriON. Lehen aplikazio pionero bat esandako esparru inportante berri honetan: Internet-Telebista binomioa. Sustatuko artikulu honetan zehazten da hobeto zer den une honetan Google Playtik jaitsi dezakezun JarriON.

Egungo JarriON zer den gehiegi esplikatu barik, beste pare bat puntu nabarmendu nituen IEBn.

Batetik, zergatik Chromecast. Ba merkatua den bezalakoa delako (aurkezpeneko grafika batzuk hortik atera nituen). Smart aparailu multiplizitatearen aurrean eta gainerako tresnen artean, garapen ingurune irisgarriena delako, bai aplikazio bat sortzeko, eta baita euskaldunen telebistetara errealki iristeko. Euskaltelen Deco 4K aparailua hedatzen hasi izanak ere laguntzen du, bide batez, Chromecast-arekin bateragarri baita.



Bestalde, JarriON-en etorkizunerako egiteko batzuen berri ere eman nuen: aprobak egin ditugu, eta podcast jogailu bezala funtzionatu dezakeela ikusi dugu. Eta baita ere irratiko eta telebistako zuzeneko streaming-ak emateko. Demo txiki bat egin nuen, Euskalerria Irratiaren eta Goiena Telebistaren zuzenekoak emanez telebista batean, eta baita Xerezaderen Artxiboa podcast-aren ale batekin (horren demoa, nire etxeko egongelan aterata, artikulu hau ilustratzeko erabili dudan irudia)

Gaitasun extra horiez gain, iOS/iPhone bertsio bat ere geratzeko ideia badugu une honetan. Lehen bertsioak ez bazuen, erraz-erraza ez zelako izan da. Garapen bikoitzeko ingurune batekin, Ionic-ekin adibidez (behin kodetu, eta iOS eta Android bertsio bi eskuratu), ez dago Chromecast gaitasuna duen aplikaziorik egiterik. Garapen natiboak egin behar dira nahitanahiez, eta horrek lana bikoiztea dakar. Baina prest gaude erronkarako, eta bertsio hori iPhone-entzat garatzen badugu, Android-ekoa bezalaxe libre jarriko dugu.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek