2005/06/03
Gure eguneroko jarduna Teknologia Berrien inguruan da. Horregatik, datorren ekainaren 21ean, Donostiako Teknologi Elkartegiko auditorioan, beste enpresa eta erakunde batzuekin batera, Azaleratzen Ari Diren Teknologiak izeneko jardunaldiaren antolakuntzan dihardugu. Jardunaldi horretan, CodeSyntax-ek ikuspegi ezberdinetatik Software Librea enpresan pil-pilean dagoen gaia jorratuko du.

Jardunaldirako sarrera doan da, Informatika gerenteei eta arduradunei zuzenduta dago, eta helburu bat du: IKTBen munduan sortzen ari diren eta enpresarik lehiakorrenak jada bereganatzen ari diren teknologia berriei buruzko informazioa eta egoera praktikoak enpresei erakustea.

Teknologia Berrien merkatuak termino berriak sortzen ditu maiz teknika, produktu edota hizkuntza berriei izena emateko. Zenbaitetan, berehala ahazten ditugun modako produktuei edo zerbitzuei izena emateko baino ez dute balio izaten termino horiek. Nolanahi ere, esperientziak esaten digu beste termino batzuk, enpresek benetan erabiliko dituzten teknologiak izendatzeko erabiltzen direnak, gelditzeko heldu direla.

RFID, SEO, Mobile Computing, Software Librea, NAN digitala, IP bidezko ahotsa, Gizarte Sareak... Sigla horiek guztiak ez dira teknizismo hutsak, ezta moda igarokorrak ere. Aitzitik, enpresen eguneroko lanari errotik eragingo dioten teknologiak dira.

Jardunaldi honen bidez, sortzen eta gorantz egiten ari diren teknologien baliagarritasunaren berri eman nahi diegu enpresei, baita horri buruz jakin nahi duten informazio guztia ere. Aipatutako gai hauetan (RFID, SEO, Mobile Computing, Software Librea, NAN digital, VoIP, Gizarte Sareak…) benetan adituak direnek hartuko dute parte jardunaldian, eta, beraz, gure zalantzak argitu eta gehien interesatzen zaizkigun gaietan sakonduko dute.

Bukaera gisa, Teknologia Berrien arloko ponente ospetsuek 10 urte barru Informazioaren Gizarteak izango duen etorkizunari buruz eztabaidatuko dute: Zein enpresa nagusituko dira informatika merkatuan? Zer eragin izango dute teknologia berriek gure lanean eta negozio ereduetan? Telelana ohikoa bihurtuko al da? Zer lege berri beharko dira? Nolakoak izango dira Internetekiko konexioa eta ordenagailuarekiko jarduna?

Egun bakar bateko jardunaldi honetan parte hartuko dutenek urte osoan zehar IKTBen gaineko erabaki zuzenak hartzeko informazioa lor dezaten nahi dugu.

CodeSyntax-ek, Gipuzkoako Bazkundea, Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza, SPRI, Miramon Enpresa Digitala, Microsoft eta Sarenet enpresekin batera antolatzen ari du "Azaleratzen ari diren teknologiak" izeneko hedapenerako jardunaldia. Era berean, parte hartzen dute Ikusnet, WebAlianza, NetKam eta Overalia.

Doan izena emateko eta jardunaldiari buruzko informazio gehiago lortu ahal izateko, jo helbide honetara: http://www.camaragipuzkoa.com/teknologia

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek