2025/03/24
Tagzania aplikazio/jokoa aktibatu da martxoaren 24an. Egunean Behin, Euskal Herriko galdera eta erantzun joko ospetsuaren ildotik, sei urte bete dituen aplikazio horren arrakasta-gako batzuekin garatu da: erabitlzaile euskaldunentzako euskal eduki interesgarriak, ariketa arin batean; sailkapenak eta talde pertsonalizatuak.

Jokoaren funtsa da Euskal Herriko eta munduko tokiak, irudi panoramikoz erakutsiak, mapa batean identifikatzea. Puntuak lortzen dira segun gertutasuna eta azkartasuna, eta horrekin sailkapenak osatzen dira (egunekoa, astekoa eta hilabetekoa), orokorki zein taldeka. Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa-jokoekin antza du Tagzaniak, baina edukia zaindu egin da, errepide galduak izan beharrean, Euskal Herriko eta munduko toki esanguratsuak dira Tagzanian erakusten direnak: Wikipediako datu libreak berrerabili dira tokiak identifikatzeko, eta emaitza ikustean, erabiltzaileak eskura izango du euskarazko Wikipediako esteka, toki bakoitzaz gehiago jakiteko. Aplkikazioa hurrengo estekan deskargatu dezakezue:

Aplikazioaren garapena Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu egin dute.

Tagzania, aspaldiko marka

App berriaren Tagzania izena ezaguna suerta daiteke batzuentzat, 2005. urtean martxan jarri zen mashup 2.0 proiektu bat izan zen. Erabiltzaileek mapa batean nork bere erreferentziak gordetzeko webgune bat izan zen, CodeSyntax-ek sortua, tag edo etiketetan oinarritua (web 2.0 aroko beste kontzeptu ezagun bat izan zen tag edo folksonomiena).

Milaka erabiltzaile erregistratu eta zenbait hizkuntza bertsio izatera iritsi zen Tagzania; baina Google Maps zerbitzuak, beste mashup batzuen kasuan bezala, bere gain hartu zituen beste batzuek egindako funtzionalitateak eta, are gehiago, Internet mugikorraren garapenak webgunearen erabilgarritasuna gutxitu zuen. Azkenean, 2020an itxi genuen Tagzania hura… Orain beste kontzeptu eta zerbitzu batekin berpiztu dugu izena ordea.

CodeSyntax eta gamifikazioa

Aplikazioak eta jokoak garatzen eta gamifikazioan eskarmentua du CodeSyntax-ek. Aipaturiko Egunean Behin aplikazioaz gain, bezeroentzako app/jokoak ere garatu ditugu. Appa Zarautz, Gurot edo Appa Hi dira adibide batzuk.

Egunean Behini dagokionez, martxa betean jarraitzen du jokoak 6 urte bete berritan (martxo honetan hain zuzen). 17. denboraldian dago lehia, Euskaraldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza sailak babestutako sasoi bat, zeinean dagoeneko 52.000 lagunek baino gehiagok jokatu duten.

Beste aplikazio horiek bezala, iOS eta Android sistema eragileetarako dago prest Tagzania. Instalatu eta probatzera gonbidatzen zaituztegu, jokoa hobeto ezagutzeko, helbide honetatik: https://tagzania.com

Tagzania: mundua ezagutzeko modu berria!

Gipuzkoako Foru Aldundia - Etorkizuna eraikiz logoa         eusko_jaurlaritza_horizontala_260x76.png

 
 

 

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek