STEAM Proiektua 2025
2025/01/22
STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) hezkuntza-metodologia berritzailea da, gazteengan arlo horiekiko jakin-mina eta interesa piztea helburu duena. CodeSyntaxen STEAM proiektuan kolaboratzen jarraitzen dugu, gazteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezko tresna teknologiko eta sortzaileez hornitzea helburu duen hezkuntza-ikuspegia sustatzeko konpromisoarekin.
STEAM-ak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) bultzatzeko martxan dauden ekimen ezberdinen artean Azitaingo CIFPBko ikasleen bisita bat izango ditugu hurrengo hilabetean, Mikel Larreategi lankideak egingo die harrera eta Nagore Ruiz de Escuderok Inspira STEAM-eko Mentoretza proiektuan lanean hasi da aste honetan.
Otsailaren 4an, Azitaingo CIFPBko lau ikasle etorriko dira CodeSyntax ezagutzera. Mikel Larreategi izango da beraiekin, eta ikasleek informatika munduan sartzeko aukera izango dute, informatikari batek egunerokoan zer lan egiten duen eta nola funtzionatzen duen enpresa batean ikusteko. Ikasleek, halaber, CodeSyntax ezagutzeko eta gure eguneroko jarduna gertutik ikusteko aukera izango dute.
Era berean, CodeSyntax Inspira STEAM ekimeneko mentoretza proiektuan parte hartzen ari da. Proiektu honek neska gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea du helburu. Nagore Ruiz de Escudero lankideak Eibarko Aldatze eskolako LHko 6. mailako ikasleekin 6 saio partekatuko ditu, ordu bateko tailer praktiko eta dinamikoen bidez.
2022an INSPIRA STEAM-eko manifestua sinatu genuen. Ekimen hauekin, gazteak inspiratu eta STEAM arloetan beren etorkizuna irudikatzeko bultzada ematen saiatzen gara. Etorkizuna gazteen eskutik eraikitzen da, eta CodeSyntaxen haiekin bat egiten dugu bidean.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
2024ko Plone Konferentzia
2024/12/16