Sormenean hezi, Kfe Innovacion ekitaldian aurkeztutakoa
Ainhoa Ezeiza EHUko irakasleak antolatu du Donostiako KFE04 eta lagunarte txiki batean ospatu genuen. Ekarpen desberdinak, kontraste egin zutenak. Ez dakit neureak bat egin zuen topaketaren izpirituarekin, baina tira, hor dago aurkezpena.
Beti bezala, zaila diapositibak ulertzea azalpenik gabe, baina osatuko dut esanez ikus-entzunezko material batzuk ere erakutsi nituela:
- Kopia ez da lapurreta animazioa.
- Grand Theft Auto Eibar, Youtubetik copyright eskaerengatik ezabatu duten bideoa, lehen euskal machinima, baina deskargatua nuenez, sarerako berreskuratu ahal izan dudana.
- The Grey Video, DJ Danger Mouse-ren nahasketa zoragarria.
- Mursego, Macarena-Makarrena
- Azpitituluak.com-en dauden film batzuk aipatu nituen, bereziki Pixar estudioen edo Hayao Miyazakiren lanak.
Aurkezpeneko puntu pare bat azaltzeagatik. Batetik, GTA Eibar bideo horrena... Honekin azaldu nahi izan nuena da: joko biolento eta zoro horrekin, institutuan ikaskideak tiroka garbitzen hasiko diren nerabeak haziko ditugu? ala akaso Alex Lope eibartarraren bideo horrek erakusten duen bezala, arkitekto eta zinegile potentzial bat? Ni optimista naiz.
Bestetik, duela aste pare bat Bilbao Web Summit delako topaketan entzun nuen hizlari interesgarri baten irudia.
Gareth Mills izan zen hizlari hura, eta horra bere aurkezpenekoa. Jakintzaren zuhaitza... irudi barojiano hori. Googlen erantzun guztiak eskura dauden une honetan, zer ikasi? nola irakatsi? zertan formatu seme-alabak.
Ezagutza zehatzen ostoak, datuak... Horiez hornitu ikasleak, hori izan da bidea orain artean neurri handi batean. Orain, garai teknologiko honetan, non osto horiek eskura dauden bi kliketan Google edo Wikipedian, zuztarrak lantzea da koxka, Millsen arabera: baloreak, sormena, trebetasunak... Hortxe dago fakoa. Zuztarretan, eta ez bakarrik seme-alabak hezi nahi baditugu, baita etorkizuneko eredu ekonomiko eta zibil bat nahi badugu gure gizatearentzat. Proiektu estrategikoak zein diren argi edukita, Ezagutzaren Gizartearen eraikuntza dela, ez beharbada porlan eta altzairu produkzio etengabea.
Argazkiak.org | Donostiako Ipar-ekoingurabidea © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono