Software librea datorren industria berriarentzat
"Software librearen aukerak industriarako" jardunaldiaren helburua da industria sektoreko enpresetan software librea erabiltzea sustatzea, Industria konektatua edo Industria 4.0 izendatu den kontzeptuaren bidez, 2020rako Fabrikazio Aurreratuko Euskal Estrategiak bultzatutako errealitate industrial berriaren barruan. Horretarako, ESLEko enpresek industriaren esparruan garatu dituzten eta arrakasta izan duten negozio eta teknologia ireki garrantzitsuenak erakutsiko dira.
Saioan Industriako aplikazio praktikoak eta Kudeaketa Industrial Aurreratuko aplikazioez hitz egingo da, eta bertan, besteak beste, CodeSyntax eta Zermik enpresek elkarren jakintza, eskarmentua eta kapazitateak gehituz, eta balioko proposamena eginez, sektore industrialari begira, IoT (Internet of Things), kontrol-aplikazioetan eta sistema kapsulatuetan teknologia irekiak egin dezaketen ekarpenak aurkeztuko dituzte.
Gaur egun software librea eta teknologia irekiak kalitatezko aukera garbiak dira, sektore desberdinetako industriaren beharrak asetzen baititu. Frogatuta dago behar-mota ezberdinetara eta egoera jakinetara egokitzeko gaitasun ezin hobea dutela.
Software librearen eraginkortasuna egiaztatuta dago, eta are sendoagoa da sistemen elkarreragintasuna sustatzen duelako (eta, beraz, sistemen jasangarritasuna).
Era berean, argi dago software libreak berrikuntza teknologikoa sustatzen duela. Bere izaerarengatik, software librea gai da barreiatuta dagoen talentua eraginkortasunez elkartzeko eta esparru ugaritako berrikuntzak integratzeko; hala, garatuta dagoena berrerabiltzea bultzatzen da eta berrikuntzari jartzen zaizkion oztopoak gainditzen dira.
Bestalde, software libreak lehiakortasuna sustatzen du eta merkatu lehiakorra sortzen du. Horrek garapenaren, integrazioaren eta mantentze-lanen kostuak optimizatzea ekartzen duelakoan gaude, eta duda barik software libreak baliabideen berrerabilpena bideratzen du.
CodeSyntax eta Zermik enpresek bide horretan dabiltza lanean elkarrekin eta, esan bezala, datorren abenduaren 2an bere proposamena aurkeztuko dute "Software librearen aukerak industriarako" jardunaldian. Ekitaldia BIZKAIA ARETOA, Abandoibarran - Bilbo, izango da; Ikus Bizkaia Aretoa Mapa.
Informazio gehigarria eta doako jardunaldian izena emateko aukera duzue Euskadi Innova gunean.