2019/09/24
Sasoi onean iritsi ginen uztailaren amaierara Egunean Behin jokoarekin. Astero gero eta erabiltzaile zein partida gehiago. Horrela izanik, zalantzaz josita hartu genuen denboraldia amaitutzat emateko erabakia. Ondo egiten genuen? Irailean itzultzean jendeak oroituko zuen Egunean behin?

Irailaren 16an ekin genion denboraldi berriari hainbat berrikuntzarekin eta, datuei erreparatuta, jendea gogotsu zegoela sasoi berriari ekiteko. Uztaileko azken astean errekorra egin genuen aplikazioan jokatutako partida kopuruan zein erabiltzaileetan. Eta itzulera oraindik eta hobea izan da. 67.633 partida jokatu zituzten 13.134 erabiltzailek pasa den astean, uztaileko azken astetik %12 eta %21 haziz, hurrenez hurren. Euskara hutsean dagoen galdera-erantzunen joko batean.

Hazkunde honetan funtsezkoa izaten ari da erabiltzaileek euren inguruan egiten diharduten zabalkunde-lana, gustuko baitute Egunean Behin. Hori da gure baliorik handiena.

Bitxikeria gisa, goiko irudian ikus dezakezue aste bakoitzean jokatu duten erabiltzaileen eboluzioa.

Ordainpeko babesletzak

Milaka euskaldunengana iritsi nahi duzu?

Denboraldi berria hainbat berrikuntzarekin hasi dugu eta horietako bat ordainpeko babesletzak izatea nahi dugu. Astero babesle bat daukagu, bere marka milaka euskaldunen aurrean jartzen duena. Orain arte lagun eta bezeroak izan ditugu asteroko babesle, hemendik aurrera atea ireki nahi diegu ordainpeko babesletzei.

Babesle bakarra izaten dugu astelehenetik igandera eta bere jardunarekin loturiko sari bi emanaz, bat irabazlearentzat eta bestea zozketa bidez emateko.

Babesle izan nahi baduzu jarri gurekin harremanetan eguneanbehin(a bildua)codesyntax.com helbidera idatziz.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek