Rikardo Arregi sari nagusia Goiena.net-entzat
Guretzat Goiena ez da bezero soil bat. Hamar urte daramatzagu lankidetzan, Sustatu sortu genuenetik. Geroztik hainbat proiektu garatu ditugu lankidetzan, Guraso, Zugaz edota Danbaka, batzuk aipatzearren.
Goiena.net berria iazko udazkenean argitaratu genuen, hilabete askotako lan gogorraren ostean. Django framework-a erabiliz garatua dago (aurreko bertsioak Zope-n lehenengo eta Plone-n gero). Goienaren 10. urteurrenarekin batera argitaratu genuen webgune berria.
Goienak beti izan du jarrera berritzailea. 2004an SND elkartearen diseinu saria jaso zuen; eta elkarrekin garatu ditugun proiektuez gain, hortxe daude bere edukiei ematen dien lizentzia edota sare sozialetan duen jarduna. Eta hori datuetan ikus daiteke, izan ere 2011 honetan webgune trafikoan errekorra hausten ari dira.
Ondorengo bideo hau erabili zuen Andoaingo udalak sariaren berri emateko.
Sariaren berri izateko Goienan bertan irakur dezakezue, baita Iban Arantzabalen blogean edota Sustatu Interneteko albistegian. Asko pozten gara bada Goienak jaso duen sariagatik. Zorionak!