2014/09/29
Donostian lehenengoz bildu gara irailaren 26, 27 eta 28an gure programazio lengoaia gustokoenaz hitz egin eta gauza berriak ikasteko asmotan. Hona hemen bertan ikusitakoen laburpentxo bat.

Dagoeneko jardunaldi askotxo ari dira antolatzen edonon, baina normalean beti kanpora joan behar izaten gara jardunaldi hauetara, izan liteke Djangocon, Plone conf, Europython, PyconES edo dena delakoa. Horregatik asko poztu ginen Donostian antolatzen zen Python lengoaiari buruzko jardunaldi honen berri izan genuenean.

Horren gertu izanda, ez genuen dudarik izan, bertan izan behar ginen eta partaidetza aktiboa izan bagenezakeen ba askoz hobeto. Pentsatu eta egin, hitzaldi proposamen bat prestatu eta bidali genuen, eta pozik hartu genuen onarpenaren albistea. Aurkezpen horren ingurukoak Mikelek kontatu ditu beste post batean. Ni jardunaldietan ikusi eta ikasitakoak kontatzen saiatuko naiz.

Antolaketa

Antolaketa 'ganberro' xamarra izan da. Lehenik eta behin jardunaldiaren jatorria bera dago: Berlineko Europythonen. Bertan izan ziren antolatzaileak, eta dezente gaizki jan ondoren okurritu omen zitzaien beraiek bazirela gai gutxienez hobeto jango litzatekeen jardunaldi bat antolatzeko, ez da abiapuntu txarra ;)

Gero agenda bera dago. Momentuan berrantolatzen zen, hitzaldiak orduz mugitu, hitzaldiak aldatu, hitzaldiak desagertu,... Dena dela, ondo kudeatu dituzte ezustekoak.

Hortaz, nire aldetik behintzat zorionak ematea baino ez antolatzaileei, horrelako abentura bat planteatu eta aurrera eramateko gai izatearren. Biba zuek!

(OFF-THE-RECORD, datorren urteko Europythona Kursaalean antolatzeaz pare bat kontu entzun ditugu, ederra litzateke!)

Hitzaldiak

Hitzaldiak orokorrean ikerkuntzan oinarritutakoak izan dira, machine learning, computer vision, big data, FORTRAN on python... unibertsitate munduko talde batek antolatuta izanera, agian naturala da.

Gure egunerokotasunetik aldendu xamarrak (dexente ez esatearren), hala ere, tresna eta lan egiteko modu desberdinak ezagutzeko baliagarriak.

Mikrobiologia, garunaren azterketa edo materialen fisika bezalako alor desberdinetan lan egiten duten jendea izan da bertan. Gehienek orduak edo egunak irauten dituzten kalkulu eta algoritmoak erabiltzen dituzte, pentsaezina segundoetan aritzen garenontzat

Gustura jarraitu ditut Gaël Varoquaux eta Luis Pedro Cohelok emandako keynoteak. Lehenak garunaren portaera aztertu eta ikertzen du Frantziako INRIAn. Lan hauetan laguntzeko sciki-learn izeneko tresna bat garatu eta zabaldu zuten, eta bere lana kontatzeaz gain bere ustetan software libreko komunitate osasuntsu bat nola mantendu azaldu zuen. Bigarrenak, biologia molekularrean egiten du lan, eta honek ere bere lanerako (irudi prozesamendu automatikoa) beharrezko zuen tresna garatu eta banatu zuen: mahotas. Puntu askotan bat etorri da Gaëlek esandakoarekin.

Ben Nuttal-ek emandako keynotea ere ondo egon da. Raspberry Pi fundazioko partaide da eta gailu txiki hauek haurrei informatika erakusteko zein tresna dituen erakutsi zuen.

Hitzaldietan denetik zertxobait ikusteko aukera izan dugu, bi-hiru aipatuko ditut gehiegi ez luzatzearren

- Francisco Fernandezek Python bera nola zabaldu azaldu zuen. Errendimendu altua behar denean interpretatutako programazio lengoaia bat ez da izaten aukerarik onena normalean. Horrelako eragiketak C bezalako lengoaia batean inplementatu eta gero gure python kodetik erabiltzeko dauden aukera desberdinak azaldu zituen.

- Multitouch gailuetarako aplikazioak sortzeko Kivy tresna aurkeztu zuen Luis J. Salvatierrak. Gainetik aurkeztu zuen, baina printzipioz interesgarria dirudi ingurune desberdinetarako (Android, iOS...) aplikazioak sortzeko daukan gaitasuna.

- Azkenik, bideojokoak sortzeko Pygame nola erabili erakutsi zuen Alejandro Garciak. Bere aurkezpenean bideojoko bat nola eratu erakutsi zuen, aipatzen zituen kontzeptuak zuzenean erakutsiz (bere aurkezpenaren loturan erabilitako kodea ere badago)

Gure aldetik, Mikel aritu zen egunero darabilgun buildout tresna aurkezten. Esango nuke jendeak gustora aditu zuela, eta bukaeran sortu ziren galdera eta eztabaidak ere interesgarriak izan ziren.

Bukatzeko

Lehenik eta behin zorionak eman berriro antolakuntzari, animatzearren, ekitearren eta burutzearren.

Bestetik, sarritan ez da argi egoten horrelako jardunaldietan zer aurkituko duzun, norekin topo egingo duzun eta zer ikasiko duzun, baina, horrelakoetan egotea behar beharrezkoa iruditzen zait, ikasteko eta gauzak probatzeko grina bizirik mantentzeko besterik ez bada ere.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek