PuntuEus, albiste bikaina, eta domeinu-trantsizioekin lan egiteko unea
Lehen fasea
Domeinuak erregistratzeko lehen fasea ireki da jada, eta azaroaren 18a arte luzatuko da. Protokolo zehatz baten arabera banatuko dira domeinuak fase honetan. Adibidez, Getxo.eus eskatu dezake enpresa jakin batek, baina Getxoko Udalak ere eskatzen badu, herri-erakundeari esleituko zaio domeinua protokolo horri jarraiki.
Era berean, fase honetan, lehenago edo beranduago eskatzeak ez du inporta. Ez dago presarik. Ez duzue irailean eskabidea egin beharrik. Azaroan egin daiteke, eskaera fasea amaitutakoan aztertuko baitute auzia.
Eskaerak egin behar dira PuntuEus-ek akordioa izenpetu duten erregistratzaile baten bitartez. Prezio eta aukera desberdinak eskaintzen dituzte, eta gainera baliteke erregistratzaile gehiago gehitzea zerrenda horretara hurrengo asteetan. CodeSyntax-en aukera tekniko horiek aztertzen ari gara, eta prest egongo gara tramiteetan bezeroei laguntzeko, prezio eta aukeren aldetik bide egoki batetik joz, eta urrats tekniko eta burokratikoak guk geuk eginez.
Domeinu berriak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, aktibatu ahal izango dira. Teknikoki prest egongo gara horretarako. Aitzindari fasea aktibatu zenean ekainean, Eibar.eus edo Sustatu.eus bezalako domeinuak di-da batean bilakatu ziren aktibo, .es eta .com helbide zahar guztiak automatikoki desbideratuak izan ziren, eta orain ere, webgune horiek han-hemenka izan zitzaketen esteka zahar guztiak funtzionalak dira. Fase honetan ere, gauzak zuzen eginda, horrela izango da trantsizioa: arin eta arazorik gabea.
Bigarren fasea
Abenduaren 3tik aurrera, domeinu erosketa librea izango da, beti ere PuntuEus gaiarekin bat datorren webgune batekin osatuko dela demostratuz gero (euskal kultura izatea gaia, edo webgunea euskaraz ere izatea). Prezio jaitsiera bat ere aurreikus daiteke abendutik aurrera, baina erregistratzaile bakoitzaren esku egongo da, eta ez dakigu zehatz zenbaterainokoa izango den eta noiz gertatuko den.
Bezero batzuei gomendatu diegu egon daitezkeela lasai, bigarren fasean domeinua erosteko arazorik ez dutela izango. Beste izen batzuk, ordea, lehenago babesteko modukoak izan daitezke, baina horietan ere, ez dagoela zertan presaka ibili beharrik. Epea dagoela azarora bitartean, eta erabakitzeko prozesuan laguntzeko gaudela, hurrengo aste hauetan.