2013/06/19
Iragan ostegunean Donostian antolatu zen Produktore eta ecommerce jardunaldian izan nintzen. Gustuko gaia dut sareko salerosketen kontua eta hizlari interesgarriak zeuden iragarrita.

Zoritxarrez berandu iritsi nintzen Produktore eta ecommerce jardunaldira eta aurreneko hitzaldi-sorta galdu nuen. Baina entzundakoek kontu interesgarriak bota zituzten.

Nebuko-ko Alex Martinen hizketaldiaren erdian iritsi nintzen. Eta kontu interesgarriak bota zituen, besteak beste sarean denda bat jarri nahi duzunean hornitzaile bat baino epe luzerako bazkide bat bilatzearena.

Ondoren Breaking Molds-eko Imanol Abad-ek marka bat sortu eta komunikazioan jarraitu beharreko zenbait ildo markatu zituen. Besteak beste branding-a eta publizitatearen arteko aldea nabarmendu zuen: lehena izatea da, eta bigarrena itxurak egitea. Dudarik ez dago itxurak egitea alferrikakoa izan daitekeela eman nahi duzun irudia ez bada benetakoa.

Aurrekoekin batera La Personnaliteko Goio Telletxeak jardun zuen. Ez nuen entzun baina suposatzen dut erabilpen esperientziaz eta konbertsioaz jardungo zuela Goiok. Hau da, online dendan edukiak eta diseinua ondo lantzeaz zure helburua, saltzea, erdiesteko.

Hiruokin batera akaso faltan bota nuen denda baten bisitak nola lortu, eta handitu, jardungo zuen beste hizlari bat. Izan ere, zure denda eta marka oso ondo eraikiak egon daitezke, baina bisitaririk ez badaukazu, akabo, apenas izango duzun salmentarik. Nola lortu gero eta bisitari eta bezero gehiago izatea? SEOa, Google-eko iragarkiak, email marketina, sare sozialetan jardutea, eduki marketina eta abar.

Arratsaldeko saioan hiru ekoizle eta elikagaiekin loturiko hiru proiektu interesgarri entzun genituen. Aurrena Pantoriko Jaime Gorospek jardun zuen. Eguneko ekoizle bat ezagutzera ematen dute eta bere produktu gastronomikoa erosteko aukera eman, Deskontu.com-en eredua jarraituz. Zerbitzua eta aurrera begira dituzten erronkak plazaratu zituen Jaimek.

Hermeneus azaldu zigun ondoren Eduardo Elorriagak. Egoitza Getxon duen enpresa honek marketplace bat baino gehiago izan nahi du eta komunikazio erremintak eskaintzen dizkie ekoizleei. Apustu interesgarriak egiten ari dira Hermeneusen, adibidez, jatetxeei espreski euren zerbitzuak eskainiz.

Hirugarren tokian Mumumiori buruz jardun zuen Isabel Ortizek. Anaiarekin batera abiatutako proiektu honekin ekoizleentzako marketplace bat sortu dute. Detaile kuriosoa aipatu zuen Isabelek, izan ere, hainbat ekoizlek Mumumio ere baitarabilte euren online dendak sortzeaz gain; eta irakasgai polita ondorioztatu daiteke: jarri ezazu zure produktua ahalik eta toki gehienetan salgai.

Amaierako mahai-inguruan ezaguna egiten zaidan kontua aipatu zuten: garraioa, eta garraiolariekin izandako esperientziak. Azkenean, saltzean duzun produktua bezeroari eramatea ez dago zure kontrolpean, eta ez du axola zenbat zaintzen dituzun zure jardun eta marketinaren alor guztiak, gerta liteke garraiolariak bidali duzun paketea galdu edo hondatzea, edo jatea, Pantorikoei txokolate batzuekin gertatu zitzaien moduan, zein-nahi dela ere darabilzun garraio-agentzia.

Eproductores

Argazkiaren egilea: Nacho Bueno, Instagramm-en

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek