PRENTSA OHARRA: 25 herrialde baino gehiagotako adituak bilduko dira Eibarren PLONECONF 2023 nazioarteko konferentzia teknologikoan
Eibar, 2023ko irailaren 28an
- CodeSyntax eta Plone Foundation-ek antolatuta, Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, urriaren 2tik 8ra PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoaren 20. edizioa ospatuko da Eibarren.
- Europan egingo den Interneteko software libreko edukiak kudeatzeko sistemen ekitaldi nagusietakoa da.
- 25 herrialde baino gehiagotatik etorritako 200 aditu eta erabiltzailek hartuko dute parte ekitaldian: Alemania, Frantzia, Kanada, AEB, Brasil, Mexiko, Argentina, Italia, Belgika, Herbehereak, Japonia, India, Hegoafrika… eta abarretik etorriak. Eta beste 200 adituk ere parte hartuko dute ekitaldian online.
- Konferentziaren egitarauak aste osoa betetzen du, lehen bi egunetan (urriak 2 eta 3) formakuntza saioak Markeskua Jauregian (UEUren egoitza), hurrengo hiru egunetan (urriak 4, 5 eta 6) hitzaldiak izango dira Coliseo Antzokiko 3 aretoetan eta azkenik garapen teknologikoko sprint bilerak izango dira beste bi egunetan (urriak 7 eta 8) berriro Markeskuan.
------
Hitzordu teknologiko hau urtero egiten da 2004az geroztik. Tokio, Bukarest, Boston edo
Bristol dira ekitaldiaren aurreko edizioak hartu dituzten hirietako batzuk, non mundu osoko
profesionalek eta enpresek hartzen duten parte.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Ekitaldi hau Eibarren arlo teknologikoari ematen zaion
garrantziaren adibide argia da. Konferentzia aukera bat da gure hiriarentzat, ezagutzak eta
esperientziak trukatzeko. Zalantzarik gabe, gure hirian munduko hainbat lekutatik etorritako
adituak eta bisitariak egotea aukera ona da".
Bere aldetik, Iñigo García, Gipuzkoako Turismo Zuzendariak azpimarratu nahi izan du
“Konferentzia honek duen garrantzia MICE turismo arloan (Meetings, Incentives,
Conferencing, Exhibitions) helmuga gisa Gipuzkoa osoak eskaintzen dituen aukeren adibide
bezala. Horregatik, Turismo Zuzendaritzak konpromisoa erakusten du Plone Conference
bezalako kongresuak garatzeko. Berri bikaina da gure lurraldean horrelako ekitaldi bat
izatea”. Eta erantsi du “Kongresuak hartzeko lurralde prestatua dugu Gipuzkoa eta gero eta
gehiago dira horrelako jarduerak antolatzen dituzten enpresak”.
Azkenik Mikel Larreategi eta Lur Ibargutxi CodeSyntax enpresako bazkide eta Plone
komunitateko kideek zehaztu dituzte Konferentzia osoaren hainbat ezaugarri:
Konferentziaren 20. edizioa Euskal Herrian egingo da
PloneConf Nazioarteko Konferentzia bat da eta urtero egiten da 2004az geroztik, gehienetan
urrian, urtero leku desberdin batean. Tokio, Bukarest, Boston, San Frantzisko, Brasilia,
Ferrara eta Bristol izan dira aurreko edizioetako topaguneak. Oraingoan, ekitaldia Euskal
Herrira ekartzea lortu da eta Eibarko CodeSyntax enpresak antolatuko du.
Urteroko konferentzia honen 20. edizioak dozena bat erakunde eta enpresa ditu bere
babesleen artean. Hona hemen horietako batzuk: Eibarko Udala, Eusko Jaurlaritza, SPRI
taldea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Udako Euskal Unibertsitatea, RedTurtle, Jazkarta,
CodeSyntax, Six feet up, eCityclic, Nuclia, Zest Software, KitConcept, Interaktiv eta Starzel
bezalako enpresak.
PLONECONF topaketak software libreko teknologian erreferente diren nazioarteko enpresak
bilduko ditu. Teknologia horrek garapenerako 2.000 ingeniari baino gehiago ditu mundu
osoan. 500 konpania inplantatzaile baino gehiagok osatzen duten ekosistema bat dago
teknologia honen inguruan eta milioika erabiltzaile ditu egunero munduan barrena.
Edukiak kudeatzeko software libreko sistema bat da Plone, edozein motatako webguneak
garatzeko erabil daitekeena: atariak, webgune korporatiboak, extranetak zein intranetak,
albisteak argitaratzeko lekuak (blogak barne), online dendak (e-commerce), dokumentuak
gordetzeko guneak eta lankidetza-tresnak. Kode irekian oinarritutako garapena da, eta
NASA, Oxfam, eBay, Nokia, Utah State University, CIA, Brasilgo Gobernua, Novel, ONCE edo
Europako Batzordea bezalako erakunde eta enpresa ugarik erabiltzen dute.
● Plone munduko kode libreko proiektu guztien Top % 2an dago.
● 2000 garatzaile inguru ditu mundu osoan zehar.
● 500 erakunde eta enpresa garatzaile baino gehiago ditu 57 herrialdetan.
● 2001etik aurrera aktiboki garatu den software libreko proiektua da.
● 40 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri.
● CMS edo Interneteko Edukiak Kudeatzeko sistema handi guztien segurtasun-erregistrorik onena du.
Formakuntza-training egitaraua. Urriak 2 eta 3.
Training edo prestakuntza programa urriaren 2an eta 3an, astelehenean eta asteartean,
garatuko da, eta egunean 8 orduko 4 track izango ditu, Udako Euskal Unibertsitatearen
egoitzan (Markeskua Jauregia, Eibar), eta ingelesez izango dira.
Saioak 8 nazionalitatetako 11 aditu profesionalek emango dituzte (Alemania, Kanada, Suitza,
AEB, Espainia, India, Errumania, Brasil...).
Katja Süss, Paul Roeland, Kim Nguyen, Tiberiu Ichim, Victor Fernandez de Alba, Alok Kumar,
Jakob Kahl, Philip Bauer, Nilesh Gulia, Érico Andrei eta Claudia Ifrim dira prestakuntza saioak
gidatuko dituzten profesionalak.
Trainingaren programa osoa hemen kontsulta daiteke: https://2023.ploneconf.org/training
Konferentziak, halaber, tokiko dibulgazio-saio bat eta erabilera kasuak ere izango ditu, non
ULMA Construction, ULMA Packaging, EKE, Euskal Kultur Erakundea, UEU, Udako Euskal
Unibertsitatea, edo Copernicus Europako Ingurugiro Agentzia (EEA) hartuko duten parte.
Informazioa gehiago: https://2023.ploneconf.org/schedule (urriaren 6ko, 3. tracka).
Konferentziaren hitzaldien egitarauan, urriak 4, 5 eta 6an, 45 hitzaldi eta aurkezpen
Coliseo Antzokiko 3 aretoetan egingo diren hitzaldi, key note, erabilera-kasu eta abarren
programak 45 hitzaldi eta aurkezpen izango ditu. Interneteko edukien garatzaile eta
sortzaileei zuzenduak , Alemaniako Agentzia Aeroespaziala - DLR, enpresa eta erakundeak,
Belgika, Brasil edo Kataluniako administrazio publiko eta antzeko erakundeen adibideekin,
edota roboten eta adimen artifizialaren erabilera Interneten edukien sorkuntzan eta
kudeaketan edo Interneten bideoen kudeaketari buruzko hitzaldi interesgarriekin.
Era berean, ohi bezala, tokiko key-note delakoak gehituko dira, hala nola Olatz Perez de
Viñaspre (EHU/UPV PhD in Language Analysis and Processing) edo Iñaki Maurtua (PhD in
Industrial Engineering, TEKNIKER Fundazioa).
Egun bakoitzeko arratsaldeko azken saioan, 17: 30etik 18: 30era, Lighning talkak edo 5
minutuko hitzaldi arinak izango dira, edozein parte-hartzaileri irekita.
Hizkuntza ingelesa izango da, bertako kasuen aurkezpenen saioan izan ezik. Track hori
euskaraz eta gaztelaniaz izango da eta ostiral goizean izango da. Irekia eta doakoa da. Bertan ULMA Construction,
ULMA Packaging, Kitconcept GmbH, EKE, Euskal Kultur Erakundea, UEU, Udako Euskal
Unibertsitatea, Copernicus Agencia Europea de medioambiente (EEA) erakundeetako
hizlariek hartuko dute parte. Informazioa hemen: "Eleaniztasuna eta malgutasuna CMSetan". Urriak 6an. Sarrera debalde eta irekia.
Irekiera ekitaldia urriaren 4an izango da Coliseo Antzokian eta bertan izango dira Jon Iraola
Eibarko alkatea, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako
Foru Diputatua eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalren eta
Ekintzailetzaren zuzendaria.
Coliseo antzokiko egitarau osoa hemen: https://2023.ploneconf.org/schedule
Garapen teknologikoko sprint programa, urriaren 7an eta 8an
Garapen-sprinten atala larunbaterako (hilak 7) eta iganderako (hilak 8) gordeko da, eta
hainbat nazionalitatetako 40 garatzailek eta adituk hartuko dute parte. Markeskua Jauregian
izango da, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) egungo egoitzan.
Social activities egitaraua
DEBEGESA, Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Eibarko Udalaren laguntzarekin egitarau
turistiko eta soziala antolatu da, “social activities” kanpotik etorritakoei Hiri bisitak
Armagintza Museoa, Flyscha eta Euskal Kostaldeko Geoparkea erakusteko. Egitaraua
helbide honetan duzue: https://2023.ploneconf.org/social-activities-tours.
Gainera, urriak 5an, osteguna, afari-party informala egingo da, 20:00etatik- 23:00etara
Eibarko Udalak lagatzen duen Errebaleko (Merkatu Plaza) gunean. Bertan, euskal kirol saio
bat egingo da eta bertaratutakoek parte hartzeko aukera izango dute.
Parte-hartzea, streaminga eta bideo-grabazioak
400 pertsona ingururen parte-hartzea espero da eta zuzenean Eibarren 25 nazionalitate
ezberdinetako 200 pertsona bilduko dira, Markeskua jauregian eta Coliseo Antzokiko hiru
aretoetan, 7 eguneko training saioetan, hitzaldietan eta sprintetan. Gainera, 1 eta 2
tracketako urriaren 4, 5 eta 6ko saioak streaming bidez transmitituko dira eta gutxi
gorabehera beste 200 pertsonak jarraituko dituztela aurreikusten da.
Azkenik, adierazi behar da saioak bideoz grabatuko direla eta hilabete barru igoko direla
Plone Foundationek duen Youtube kanalera.
Argazkiak: Mikel Askasibar
Informazio gehiago: https://2023.ploneconf.org/ webgunean.
Harremenetarako:
CodeSyntax: 943.821.780 / 685.758.622 email: ploneconf@codesyntax.eus
Kontaktu pertsonak: Mikel Larreategi - Yoaira Garcia - Eneko Astigarraga