PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoaren lehen balorazioa oso positiboa da
Nazioarteko Konferentzia arrakastatsua izan da PLONECONF
Urriaren 2tik 8ra bitartean Eibarren izan den konferentzian 50 hizlari izan dira, gehienak nazioartekoak, eta 3 egunez Coliseo Antzokian hitzaldiak, keynoteak, erabilera-kasuak eta abar, eskaini dituzte. Konferentzia astea aurreko bi egunetan burututako training edo prestakuntza saioekin osatu da. 8 nazionalitatetako 11 prestatzaile profesionalek eman dituzte klaseak, egunean 8 orduko 4 tracketan banatuta, eta bukatzeko asteburuan softwarearen garapenari eta dokumentazioari buruz egin diren saioetan 50 adituk parte hartu dute Markeskua Jauregian.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "Ikuspegi teknologikotik, konferentzian AI - adimen artifiziala, robotak, irisgarritasuna, web zibersegurtasuna, VR... eta, jakina, CMS edo Content Management Systems sistemekin lotutako gaiak jorratu dira". Era berean, honako hau adierazi dute: "Konferentziaren inpaktua milioi erdi eurotik gorakoa da, bai bidaietan, ostatuan, pertsonako gastu zuzenetan, bai prestakuntza-jarduerek, software-garapenak edo negozio- eta marketin-garapenak eragindako zeharkako inpaktuan". Ekitaldia antolatzen duen CodeSyntax enpresako Eneko Astigarraga-ren hitzetan, "Konferentzia Plone komunittatearen ekitaldi handia izan da eta Euskadi software librearen eta Interneteko edukien kudeaketaren erreferentzia-puntu gisa kokatzen lagundu du. "
Mikel Larreategi PLONE Fundazioaren kontseiluko kide berria
Mikel Larreategi, CodeSyntax enpresako bazkide eta ingeniaria, datozen bi urteetan Plone Foundation-aren Board edo zuzendarien batzordeko kide izango da, Fundazioaren kudeaketa eta gainbegiratzearen ardura duena. Bestalde, datorren urtean Brasiliak Euskal Herriaren lekukoa hartuko du, 2024ko azaroaren 18tik 24ra bitartean egingo den PLONECONF konferentziaren edizio berrian.
Hurrengo PLONECONF Brasilia hirian izango da!
2024ko azaroaren 18-24. Markatu zure egutegian eta adi egon!