PloneConf 2019 Ferraran: han ikusitakoen kronika
Azkenaldian FrontEnda gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da web-garapenaren munduan eta Plonen ere hala izan da. Ploneren oinarrizko funtzionalitateetako asko berritzeko orduan JavaScript frameworken arteko guda hortxe egon da, batzuk React erabiliz egin nahi zituzten eguneraketak, beste batzuk era "agnostiko" baten, beste batzuk nahiago dute Vue erabili... Baina Plone bezalako edukiak kudeatzeko sistema handi baten hori guztia eguneratzea eta komunitatea ados jartzea ez da lan erraza, eta hori ez da oso bateragarria FrontEnd framemorkak mugitzen diren abiadura azkarrarekin.
Hori horrela, Volto izeneko proiektua oihartzun hartzen hasi da Ploneren munduan: helburua zera da, Ploneren REST APIa erabiliz frontend eta backend lana guztiz banatzea eta frontend lana API deiak egiten dituen JavaScript aplikazio baten egitea. Horrela Ploneren pertsonalizazioa egiteko Ploneren teknologia bilduma ezagutu beharrean, JavaScripta eta APIa besterik ez da jakin behar.
Hori lortzeko Reacten oinarritutako produktu bat egin dute eta Ploneren 6. bertsioan hori erabiltzea bultzatzen ari dira, horrela edizio esperientzia hobetu eta frontend garatzaileak errazago erakartzeko. Volto hau JavaScripta izan arren zerbitzarian exekutatzeko konfiguratu daiteke, eta beraz Googlerentzat edukia iturburu kodean dago eta ez dago SEO aldetik arazorik.
Frontendarekin jarraituz, Bootstrap 4 ezagunarekin egindako oinarrizko itxura bat eta pertsonalizaziorako jarraibideak ere eskaini zituzten eta plonetheme.tokyo produktua aurkeztu. Beste hainbat aukera ere aurkeztu eta eztabaidatu ziren, hala nola webpack erabiliz Ploneri itxura aldatzeko modua.
Azkenik migrazioei buruzko beste bi hitzalditan ere izan ginen, aurtengoa migrazioei dedikatutako urtea izan da askorentzat python 3rako migrazioa dela eta. Batek Ganteko unibertsitatearen webgunea migratzeko erabilitako estrategia azaldu zuen: webgune zaharra esportatu eta bertsio berrian inportatu, eta hori egitean garbiketa egiteko aprobetxatuz. Beste batek Ploneren migrazioak in-place egiteko tresna laguntzaileak aurkeztu zituen eta horiek erabiliz berak lan nola egiten zuen.
Laburbilduz, frontendean eta migrazioetan oinarritutako konferentzia izan da hau guretzat.
Antolakuntzari buruz, esan lan bikaina egin zuela RedTurtle enpresako lantaldeak eta Ferrara ezagutzeko aukera izan genuela. Datorren urtean Namurren izango da konferentzia eta ondo-bidean hantxe izango gara.