2014/05/05
Joan den asteazkenean World Plone Day, munduko plone eguna, izan zen eta gure bulegoan ere ospatu genuen, bezero eta gonbidatu batzuekin.

SPRIko zuzendari Alex Arriolak hasi zuen ekitaldia. IKTak eta internazionalizazioa elkarrekin lotuta daudela esan zuen. Teknologia "erraztaileak" dira nazioartean saltzeko, eta horregatik zaindu behar dira. SPRIn duen kargutik hitz egun zuen Arriolak, baina baita Txinan hainbat urtez euskal enpresa baten ordezkari gisa lan egin izan duelako. "Kanpoan zaudenean, funtsezkoa, Internetetik ze webgune duzun", esan zuen Arriolak. Hortaz, internazionalizaziorako IKT erraminten artean, inportantea CMS edo edukia kudeatzeko sistema.

Hain zuzen ere, CMS bat da Plone, eta bere ezaugarrietako batzuk azaldu zituzten jarraian gure enpresako lankideek, Garikoitz Araolazak, Maite Rementeriak eta Mikel Larreategik. Hemen itsatsi dugu beraien aurkezpena:

Jardunaldiaren laburpen bideoa

Hitzaldiak osorik ematen dituen bideoa hemen duzu: hitzaldi guztien bideoa hemen, edo laburpen hau ikusi dezakezu:

Araolazak gogoratu zien bezeroei, lana, webgune bati dagokionez, webgunea inauguratu ondoren hasten dela, ordutik egin behar baita ahalegina, oihartzuna izan dezan sarean webguneak. Eduki berritua, pertinentea, hizkuntza desberdinetan... eduki hori sarean zerbitzeko eduki-kudeatzaile optimoa da Plone, eta Araolazak azpimarratu zuenez, azkarra ere bada, hori asko baloratzen duelarik azken aldi honetan Googlek.

Maite Rementeriak, berriz, Plone-rekin egindako webguneak responsive design paradigmara egokitzen direla erakutsi zuen, Eibarko Udala erakutsiz adibide praktiko gisa. Alegia, mugikor eta tabletetatik ondo ikusten diren webguneak direla; ezinbestekoa gaur egunean, eta are gehiago etorkizunean, Interneteko kontsumo pautak nola doazen ikusita.

Mikel Larreategiri dagokionez, domeinu eta hizkuntza askorekin funtzionatu behar duen proiektu baten xehetasunak eman zituen: Ulma Construction. Webgune hori egiten ari gara une hauetan, baina Plone-rekin badute esperientzia jada Ulma taldean (Ulma Packaging nazioarteko proiektu eleanitza eta Begira barne-komunikazioko plataforma), eta teknologia sendo honetan berriz konfiantza azaldu izana puntu inportantea da guretzat.

Ondoren, gure bezero bat mintzatu zen, Jose Alberto Larrea, Larzep Hydraulic enpresako zuzendaria. Katu hidrauliko konplexu eta indartsuak egiten dizute (300 tonakoak eta horrela). %80 esportatzen dute, eta %85a bertan egiten, 42 laguneko enpresa batean, Mallabian. "CodeSyntax-i eskatu geniena, guk guztiz autonomoak izateko aplikazio bat", esan zuen Larreak. "Produktua guk erakutsi ahal izatea, batez ere. Katalogoa, orain, ez da enpresan dagoen dokumentu bat, baizik eta webgunea bera, hura da originala, ama-fitxategia". Adibide konkretuak ere eman zituen, nola alemanezko bertsioa garatu ahal izan duten, banatzaileekin izandako gora.behera batzuen ondoren, Alemaniatik zuzenean eskaera gehiago jasotzeko. Kasu horretan, webgune nagusian integratu dute alemana hizkuntza gisa. Australiarako, Errusiarako edo Poloniarako ere nola lan egiten duten azaldu zuen, Mallabiatik bertatik koordinatuz Interneteko zabalkundea, "oso erraz Ploneri esker".

Jai-zubi baten bezpera zen eta hitzaldien ondoren, piskolabis bat izan genuen. Eskerrik asko hurbildu zirenei eta, bereziki, SPRIko ordezkaritzari, Alex Arriola zuzendariaz gain Aitor Cobanera  (teknologia eta berrikuntzako zuzendaria) eta Iñaki Suárez (informazioaren gizarterako zuzendaria) etorri baitziren.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek