Nola neurtu zure QR kodeen arrakasta
QR kodeak Smartphone edo telefono adimenduen erabiltzaileei zuzenduta daude. Gure telefonoaren kamararekin paperean publikatzen den QR kode hori dekodetu eta webgune bat bisitatu edo akzio jakin bat egiteko balio dute kode hauek. Azkenaldian QR kodeen zenbait adibide ikusi ditugu martxan jartzen, Argian eta Goienan adibidez.
Zalantzarik gabe gure inguruan oraindik erabilera baxua dute QR kodeek, ia-ia esperimentala. Hain zuzen horrexegatik, froga eta neurketa unean gabiltzalako, iruditzen zait garrantzitsua dela beraien erabilera neurtu eta frogak egitea (tamaina edo posizio desberdinak, albiste mota efektiboenak eta abar.), eskura dauzkagun tresnak erabiliz.
Horretarako, modu erraz bat dago: QR kodeetan adierazten dugun loturak parametro bereziren bat izatea. Estatistikak jasotzeko erabiltzen den tresnaren araberakoa izango da pertsonalizazio hau, baina erabiliena Google Analytics denez berarekin egingo dut adibidea.
Demagun Goiena.net-eko albiste honen QR kodea sortu nahi dugula:
http://goiena.net/albisteak/webgunea-berritu-du-udalak/
Egin behar dugun gauza bakarra, albisteari Google Analytics-en tracking kodeak gehitzea da, eta honela geldituko da:
http://goiena.net/albisteak/webgunea-berritu-du-udalak/?utm_source=papergoiena&utm_medium=qrcode&utm_campaign=qrtest
eta helbide berri honekin QR kode berria sortu beharko dugu. Hauxe:
QR kode berri hau erabiltzean, Google Analytics-ek kontutan hartuko du erabiltzaile horiek modu berezi horretatik datozela, eta segmentatu eta QR kodeen arrakasta detailean aztertu ahal izango dugu.
Parametro berri horiek nola sortzen diren ikasteko, erabili Google-ren URL Builder tresna.