2019/10/25
Aurten, urriak 18, 19 eta 20aren artean, ngSpainen lehen edizioa izan da. Guretzat oso berezia izan da Madrileko jardunaldi honetan egotea, ez soilik lehen edizioa izateagatik, joaten garen lehen Angular konferentzia delako baizik.

Urteak dira python hitzaldietara joaten garela, entzutera nahiz hitz egitera. Esaterako Ploneconf, Pycones eta Librecon. Baita ere Odoo Experiencen, non aurten gure lankide Nagorek, Odoo ERPan aditua dena, Belgikan egon berri dena.

Badira urteak Codesyntaxen Angular sektorean murgilduak gaudela. Angular Googlek garatutako framework bat da, SPA (Single Page Application) egiteko balio duena. Hauek behin kargatzen diren orriak dira, informazioa atzetik transferitzen da, orria berriro kargatu behar gabe. Horrela abiadura handiko aplikazioak garatu ditzakegu. Azken urteetan hau egiten duten frameworkak oso modan jarri dira, adibidez; React, Vue eta guk asko maite dugun Angular.

Beraz Madrilera abiatu ginen ilusio handiarekin. ngSpain konferentzia bi zatitan banatu da, lehen egunean Workshopa eta besteetan hitzaldiak.

Tailerrak Angular Architectures for Enterprise Applications, NgRx - Essentials, Cross Platform with Ionic eta Angular Testing: Become a professional izan ziren. Aldi berean ngGirls jardunaldia izan zen ere.

Ostiral goizean jardunaldia hasteko gogoz geunden, gure kasuan Cross Platform with Ionic aukeratu genuen, hau baita gure espezialitatea. Irakaslea komunitatean oso ezaguna den Mike Hartington izan zen, Ionic Frameworken azpiegituran lan egiten duen ingeniaria. Pertsonalki ilusio handia egin zidan bera ezagutu eta galdera batzuk egiteak, urteak dira sare sozialetan jarraitzen dudala bere artikuluak eta ekarpenen jakinean egoteko. Hitzaldian Ionic-en oinarrizko sarrera egin zuen. Harritzekoa da tresna honek hartu duten bidea, izan ere honekin Angular-en egindako proiektu bat PWA, Android, IOS eta Electronera konpilatu dezakegu, dena kode batean oinarrituta.

Asteburuan hitzaldiak hasi ziren. Munduko herrialde ezberdinetatik etorritako 21 hizlarik parte hartu zuten, eta bakoitzak gai izugarri interesgarriak aurkeztu zituen.
Angular offline first, Angular Universal (SEO + SSR), Accesility, Google Maps integration, GraphQL, Real time Angular (WebSocket), Angular of things… Gauza asko dira artikulu bakarrean azaltzeko, beraz kronika laburtu batean aurkeztuko dut.

Oroitzapen oso polita utzi zidan Katerina Skroumpelouek egindako aurkezpenak. Google Maps integrazio konplexuaren adibide txukuna egin zuen, bertan tresna honekin noraino heldu gaitezkeen azaldu zuen. Hobe izango da ikustea esatea baino, hemen adibidea https://ng-gmap-kat.web.app/home eta aurkezpena psybercity.page.link/ng-spain.

Katerina Skroumpelou

Sam Vloeberghs belgikarrak Angular Universal-ri buruz jardun zuen. Angular SSR (Server Side Rendering) eta SEO gaiak sakondu zituen. Hau garrantzitsua iruditu zitzaigun, izan ere hau da Framework honek duen handicap handiena.

Errendimenduarekin bat eginez, Martina Kraus alemaniarrak Ivy konpiladore berria aurkeztu zuen. Atzetik duen azpiegitura azaldu zuen, eta egia esan, asko harritu nintzen zuzenean egin zuen testarekin. 1,3MB pisatzen zuen konpilatutako proiektu bat 14kBera bihurtu zuen, fitxategi bakar batean eta soilik konfigurazioan lerro bat gehituz.

Martina Kraus

Gure aplikazio garapenaren ibilbidean, konexio gabeko modu bat garatzeko beharra izan dugu. Esaterako, Mendiak aplikazioan. Imajinatu momentu batez zer suposatzen duen mendi tontorrean egotea, aplikazioa ireki, mendia gorde eta hara! Konexio gabe geratu zara! A ze amorrua!

Hori izan zen Marta Wiśniewskak zuen helburua, aplikazioak offline first izatea! Kargatze denbora alde batera utzi eta beti informazioa erakustea. Ahal den neurrian eguneratua eta posible ez bada, lokalekoa. Hau lortzeko PouchDB eta CouchDB erabili zituen, lehenengoa Front-endean eta bigarrena zerbitzarian. Hauek biak bat eginez, liburutegiak bi datu baseak sinkronizatuta mantentzen ditu, zoragarria.

Marta Wisniewska

Aplikazio munduari begira, Mike Hartingtonek azken urtean asko landu duten Ionic 4 aurkeztu zuen. Capacitor-en aipamen berezia izan zuen. Framework honen taldea Cordova berrasmatzen egon da, honekin kontrol natiboagoa izan ahal izateko.

Angular Universal eta Ivyren integrazioaz mintzatu zuen, eta berretsi zuen zein eraginkorra izan daitekeen erabateko plataforma anitzeko proiektu baterako.

Mike Hartington

Hitzaldia Front-end mundura bideratuta egon arren, argi zegoen JavaScript lengoaia leku guztietan dagoela. Web, app, mahaigaineko aplikazioak, zerbitzariak… Baita Angular Of Things ere!

Azahara Fernandez eta Juan Manuel Rodríguezek ImmunoGame 2.0 jokoa aurkeztu zuten. Gaixotasun immunologikoak dituzten umeentzat zuzendutako tribial joko fisiko bat da, non ahots sintetiko bidez galderak egiten dizkio gaixotasun honen inguruan ikasteko. Kaxa hau botoiez, bozgorailu eta sentsorez raspberry pi batera konektatuta dago. Ondoren, hezetasunaren eta tenperaturaren datuak Angular web batean bistaratzen dira. Oso interesgarria da Javascriptaren erabilpen ezberdinak ikustea. Gainera, norberak etxean egiteko modukoa da, kodea GitHuben argitaratuta baitago eta eskema elektronikoa ere.

Bukatzeko nire esperientzia pertsonala ematea nahi dut. Niretzako lehenengo aldia izan da horrelako ekitaldi batera noala. Polita izan da beste Angular eta Ionic garatzaileekin hitzak trukatzea, ezagutzea eta hiru egunez komunitate honek egiten duena baloratzea. Bereziki honen atzean dabiltzanen guztiena, hizlariena zein boluntarioena. Ordu asko ematen dituzte lanean kodea mantentzen, dokumentatzen eta informazioa zabaltzen, milaka garatzaileri bizitza izugarri errazten. Hitzaldian esan zen moduan: Heroi guztiek ez dute kapa eramaten!

Heroiak

Bittor, ngSpain

Argazkiak @ngSpain

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek