2010/06/28
Inoiz baino gogo eta interes gehiago jarri dut aurten mundialean. Disfrutatzen ari naiz. Partiduekin, taldeen gora-beherekin eta mundialeko porrarekin! Izan ere, porra mundiala egin dugu Codesyntaxen, bertako teknikoen eta GoogleSpreadsheets erabilita.

Codesyntaxen ez gara oso futbolzaleak, baina bai porrazaleak. Aitzolen eta Azpiren arteko tirabirei esker, azken horrek porra ederra sortu du. Etiam eta Mendicute izan dira kakati bakarrak; besteok hortxe dihardugu, jo-ta-sua, Paraguai, Ghana eta Eslovakia bezalako selekzioak animatzen.

Uste dut porra horri esker inoiz baino sutsuago dihardugula mundiala jarraitzen. Bestela ere jarraituko genuke gutako gehienok, baina porrak beste zer bat ematen dio lehiari. 10 euro besterik ez ditugu jokatu, baina Aitzol eta Kere hor behean ikusteak... horrek ez dauka preziorik!

Porra egiteko bi alderdi landu behar genituen.

Alde batetik, taldeak aukeratzeko sistema eta puntuazioa. Eztabaida luuuze-luzeak izan ondoren, azkenean horrela egin dugu: Mundialeko 32 taldeak 4 multzotan banatu (onenetik txarrenetara) eta guztira 11 talde aukeratu behar izan ditugu (1, 3, 3, 4). Garaipen bakoitzeko, talde bakoitzak 3 puntu jasotzen ditu; gol bakoitzeko 1,5 puntu eta jasotako gol bakoitzeko -1. Fasea pasatzen den bakoitzean puntu extrak (8, 10, 12, 25) eta txapeldunari beste 20 puntu. Goleatzaile pare bat ere aukeratu behar izan ditugu eta gol bakoitzeko 2 puntu jasotzen ditugu.

Azpiegitura teknikoari dagokionez, hasiera batean Django gainean garatzea pentsatu genuen, baina azkenean Google Spreadsheets erabili dugu. Kalkulu eta grafika guztiak berak ematen dizkigu, CSko ingeniarien lanari esker. Azkar, arin eta zuzen.

Porrari egindako gainbegiratuarekin errepasoa emango diot mundialaren lehenengo zatiari. Hauek izan dira nire aukerak:

Faborito nagusiak (1 hartzeko): Brasil edo Espainia.

  • Nik Espainia hartu dut. Mundiala irabazten badu, gutxienez puntu batzuk emango dizkit. Gaitzerdi.

Faboritoak (3 hartzeko): Argentina, Holanda, Portugal, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Italia.

  • Alemania. Talde gazte eta kalitatekoa dauka. Dena normal joanda Argentina izango zuen finalerdietan (hala dirudi) eta Maradonak ez dit konfidantzarik ematen. Alemania hartu eta Argentina utzi nuen.
  • Holanda. Sailkapen-talde erraza zeukan (Danimarka, Japonia eta Kamerun). Finalerako bidean Brasilen koadro berean dago, baina itxaropena neukan (eta daukat). Egia da azken urteotan ez direla fin-fin ibili, baina kalitatea daukate, talde orekatua, eta gola.
  • Ingalaterra. Sailkapen-talde erraza zeukan eta koadro erraza finalerako bidean (Frantzia-Uruguai-Mexiko-Serbia-Ghana... izan zitekeen bere arerio finalerako bidean). Ia-ia finalista ikusten nuen. Baina sailkapen faseko bigarren geratu, Algeriaren aurka berdinduta, eta kaka. Dagoeneko kalean da. Hortxe galdu dut porra.
  • Italia eta Frantzia ez nituen ondo ikusten. Eta Portugal Brasilen taldean zegoen eta Espainiarekin gurutzatuko zela zirudien (hala izan da).

Tartekoak (3 hartzeko): Serbia, Uruguai, Kamerun, AEB, Mexiko, Suitza, Nigeria, Txile, Paraguai, Grezia.

  • Ez zitzaidan kostatu hiru aukeratzea: Paraguai, AEB eta Serbia. Lehenengo fasea aise gaindituko zutela pentsatzen nuen. Aukera asko zituztela. Batez ere, Paraguaik, Italiak sekula ez duelako lehenengo fase ona egiten. AEB ere bere mailan ibili da. Baina Serbiak huts egin dit. Azken partidako azken minutuan penaltia izan zuen sailkatzeko... eta kale!
  • Txile ere ondo ikusten nuen, baina Brasilen aurka gurutzatu behar zenez zortzirenetan... ez nuen aukeratu.
  • Uruguai edo Mexiko aukeratzekotan ere izan nintzen, baina euren multzoa ez nuen batere garbi ikusten (Frantzia eta Hegoafrika ere hortxe zeuden). Zein sailkatuko zen? Zein ez? Zalantza larregi. Gaizki egin nuen, garbi dago. Uruguaik egundoko puntu extra pila emango ditu porran. Ziurrenik, porrako txapeldunak Uruguai izango du bere taldeen artean.

Eskasak (4 hartzeko): Boli Kosta, Algeria, Ghana, Japonia, Danimarka, Hegoafrika, Australia, Hego Korea, Eslovenia, Eslovakia, Zeelanda Berria, Honduras, Ipar Korea.

  • Hego Korea sailkatuko zela iruditzen zitzaidan. Puntutxo batzuk eman dizkit.
  • Hegoafrika ere hartu beharra zegoen. Herrialde antolatzaileak beti sailkatu izan dira bigarren faserako. Aurten izan ezik, jakina. Kaka.
  • Eta beste biak? Ez zegoen aukera handirik. Zeelanda Berria hartu nuen, Italiaren taldean egonda punturen bat lortuko zuelakoan. Halaxe izan da. Eta Danimarkari ere aukeraren bat ikusten nion; bere taldean Japonia baino hobea zelakoan. Baina Japoniak ezustekoa eman zuen.

Eta horrelaxe gabiltza, mundialeko giroan erabat murgilduta. Algeria-Eslovenia edo Eslovakia-Paraguai bezalako partida interesgarriak ikusten.

Nolabait esateko, mundiala oraintxe hasten da, final-zortzirenetatik aurrera. Baina gutako batzuek, honezkero, jai daukagu. Talde asko kanporatuta, beste zenbait makal... Hala ere, puntuazio-sistema dela eta, uste dut final-aurreak arte emozioa izango dugula porran.

Hauxe da une honetan sailkapena. Neska bakarra porran eta bera nagusi. Dani ere gertu eta beste 5-6 tropelean:

 

Argazkiak.org | Porra CS Mundiala © cc-by-sa: sustatu

 

Beste grafika honetan, berriz, talde bakoitzak eman digun puntu kopurua (kontuan izan horietako batzuek oraindik ez dutela final-zortzirenetako partidarik jokatu):

 

 

Argazkiak.org | Porra CS Mundiala: taldeak © cc-by-sa: sustatu

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek