Mokoroaren esapideen datubasea Interneten
Hiru.com webgunea, Hezkuntza sailaren Etengabeko Ikaskuntzaren ataria da eta haren softwarea (librea, Zope web aplikazioen zerbitzariaren gainean dabilena) CodeSyntax-ek kudeatzen du. Joan zen astetik aurrera, bertan kontsulta daiteke Mokoroaren bilduma. Atari horrek badu Hiztegiak izeneko atal bat, eta bertan aurkituko dugu Mokoroaren lana.
Bilduma horretan 92.147 esapide daude. Bilatzaile baten bidez, nahi dugun esapidea aurkitzeko modua izango dugu. Bilaketa euskaratik edo gaztelaniatik egin daiteke, eta iturriaren zein euskalkiaren araberako filtroak ere egin daitezke.
Hiztegien atal horretan beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera ere badago, eta euskara sailaren webgunean dauden euskarazko hiztegien atal bat ere badago.
Justo Maria Mokoroa Mujika.
Tolosa, 1901 - Bilbo, 1990. Apaiz eta idazle gipuzkoarra. Hainbat euskal aldizkaritan eman zituen argitara bere olerkiak eta herri batentzat hizkuntzak duen garrantziaz diharduen Genio y Lengua (1935) liburua idatzi zuen. Euskararen batasunaz kezkatuta, De vida o muerte (1956), Batasunari batzuk agurka eta beste batzuk aurka (1968) eta Lengua Vasca de hoy y de manana (1971) idatzi zituen. Bere lanik ezagunena herri-literaturan oinarritutako milaka esaera jator biltzen dituen Ortik eta emendik (1990) izan zen. Euskaltzain urgazlea eta 1979az geroztik euskaltzain ohorezkoa izan zen.
Zenbait lotura