2015/03/06
Gaur arratsaldean gure enpresan mugikorren esparruan izan dugun ibilbidea kontatzeko aukera izan dut, Mobile marketing jardunaldiaren baitan.

Arratsaldea Oñatiko Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza faktultatean igaro dut Mobile marketing jardunaldian. Aurrena Lluis Escribano eta Pilar Martinezek mugikorra hartzen ari den garrantziaz jardun zaizkigu. Ondoren hiru enpresa-esperientzia: Pulsar concept, Lynber eta gu geu, CodeSyntax.

Hiruetan lehena izan naiz hitz egiten eta gure enpresan mugikorrak izan duen ibilbidearen inguruan jardun dut. Duela zenbait urte mugikorren pisua handitzen hasi zen web nabigazioan eta webguneak haietara egokitzeko beharra suertatu zen. Horrela hasi ginen proiektu zehatz batzuk edozein gailutara egokitzen, diseinu arduratsu edota responsive design teknikari esker. Gure lehen responsive proiektuak izan ziren Mondragon unibertsitatearen webgunea edota hau berau. Gaur egun, publikatzen ditugun webgune berriak egokituak egon ohi dira edozein gailutara.

Eta, aplikazioak, zer?

Webgune batek eskaintzen duen zerbitzu eta informazioa eskaintzeko, webaren alde egiten dugu. Internet irekiaren alde egiten dugu, edozein erabiltzailek, bere gailua zeinahi dela ere, nabigatzaile bidez ondo ikusiko duena.

Baina ikerketek diotenez mugikorrean gabiltzanean denboraren %86a app-etan pasatzen dugu, nabigatzailean gainerako %14a. Eta alor hori hobeto ezagutzeko beharra sentitu genuen.

Gure aplikazioak: Tribual eta Mugikaria

CodeSyntaxen badugu bereizgarri bat: proiektu propioak sortzen ditugu ideia berriak zein garapenak frogatzeko. Proiektu propio horietako bat da Tribual, etxe honetan eginiko lehen aplikazioa. Hitzaldian aipatu dudan moduan Tribualen potentzia bere azpiegitura teknologikoan dago, backend-ean. Galdera-sorkuntza prozesu indartsua garatu dute lankideek, 60.000 galdera sortu dituena, oraingoz. Hortxe bere arrakastaren gakoetako bat. Galdera ugaritasunari esker, deskarga kopuru polita lortu dugu (bere tankerako euskarazko jokoekin alderatuz) eta 240.000 partidatik gora jokatu dira jada.

Mugikaria da gure bigarren aplikazioa, pasa den astean plazaratua. Tribualen moduan, bere puntu sendoena azpian duen azpiegitura teknikoa da, egunero-egunero albiste interesgarrienekin osaturiko bi edizio sortzen dituena.

Eta, zer ikasi dugu? Mugikorretara egokitutako webguneak eta aplikazioak osagarriak direla, estrategia bateratu baten baitan erabiltzeko modukoak. Egin dezagun webgune azkar bat, mugikorrean bizkor kargatuko dena, erabiltzaileak behar duen informazioarekin. Eta erabil dezagun aplikazioa bestelako esperientzia bat eman nahi diogunean erabiltzaileari, adibidez, notifikazio bidez, ohar interesgarriak eskaintzeko.

Nola lortu arreta?

Jardunaldian zehar hainbat aldiz atera da gaia: oso zaila da arreta lortzea. Milaka app berri argitaratzen dira egunero. Beraz, zer egin deskargak lortzeko? Hona aipatu ditudan ideia batzuk:

  • Ideia berritzailea baduzu, testeatu zure xede-taldearen artean ea zein iritzi dagoen.
  • Ondo bete aplikazioaren inguruko informazioa, erabiltzaileak darabiltzan hitzekin.
  • Zabaldu albistea: sare sozialak, albistegi bat, prentsa-oharra eta abar.

Behean duzue erabilitako aurkezpena:

Nire ostean Pulsarreko Jon Martinezek hartu du hitza. iBasket-en garatzailea izan zen, 4 milioi deskarga lortu zituena. Arrakasta horren ondorioz Pulsar enpresa sortzera animatu zen eta bere ibilbideaz jardun du. Ondoren Adolfo Muguerzak Lynber bere proiektuaz hitz egin digu. Arropa pertsonalizatua saltzeko webgunea eta aplikazioa sortu dute, 2,5 milioi konbinazio salduz.

Jardunaldia amaitzeko MUko irakasle Dani Reguerak mugikorren estrategian webguneak duen papera berretsi du, eta modu egokian nola egin aipatu digu.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek