2013/04/29
Iragan aste hasieran Urola ikastolak antolaturiko VIII. Informatika astean parte-hartu genuen Azkoitiko eta Azpeitiko merkatariei sare sozialetan nola jardun azalduz.

Astelehenean sareko marketina eta sare sozialen inguruko hitzaldia eman genien. Marketina, funtsean, bezeroak zer nahi duen jakin eta horixe ematea da, eta horretarako beharrezkoa da merkatariaren eta bezeroaren artean elkarrizketa bat ematea; interneten ere bai, eta sare sozialek horretarako aukera ematen dute.

Argi azaltzen ahalegindu ginen gaur egunean gure denda edo enpresaren marka interneten eta sare sozialetan egongo dela, hari buruz jardungo direla; eta ez du axola guk sarean egon nahi dugun bai edo ez, jendeak guri buruz jardungo du. Beraz, hobe gu bertan egotea, entzuteko besterik ez bada ere.

Sare sozialak erakusleiho bat gehiago dira, eta berau modu txukun eta duinean sortzen eta mantentzeko bidea zein izan daitekeen azaldu genien. Hori bai, ez dago sare sozialetan jarduteko modu on bakarra, hamaika erabilpen eman diezaiekegu, eta guztiak izan daitezke egokiak.

Astearte eta asteazkenean Twitter eta Facebooken erabilpen tailerrak antolatu genituen, hurrenez hurren, batetik bertan lehen pausuak nola eman azalduz, eta bestetik audientzia nola handitu dezakegun zehaztuz, alegia, gauza interesgarriak zabaldu behar direla eta gure kontuen berri hasiera batean gertuen ditugun erabiltzaileetik hasi behar garela.

Sare sozialak Urola ikastola

Argazkia Uztarria.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek