2016/12/22
Joan zen irailean kaleratu genuen Mendiak aplikazioa, Euskal Herriko mendizaleontzat pentsatutako aplikazioa. Eskerrik beroena eman nahi dizuegu, hasieratik izan duen harrera beroagatik. Dagoeneko 10.000 deskargako mugara heltzekotan gaude, eta asko pozten gaitu erabiltzaileen aldetik jaso dugun erantzun onak. Urte bukaerarekin batera, bertsio berria ere aurkeztu dugu, besteak beste, igoerak konexiorik gabe markatzeko aukerarekin eta argazkiak kudeatzeko modu hobetuarekin. Eskerrik asko guztioi!

Mendizaleen harrera ona

Irailean aurkeztu genuen Mendiak izeneko APPa. Euskal Herriko 1.500 gailur nagusien informazioa biltzen du eta, aplikazioari esker, mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere. Euskara hutsean dago eta Android dendan eskuratu daiteke.

Argitaratu genuenetik, oso harrera ona izan du erabiltzaileen artean, eta oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Orain gutxi gainditu genuen 8.848 erabiltzaileen langa (Everest mendiaren altuera), eta laster helduko gara 10.000 deskargatara. Orotara, 5.000 erabiltzaile aktibo ditugu, astero-astero 1.000 erabiltzaile aktibo baino gehiagorekin.

Denbora tarte honetan, guztien laguntzarekin, 10.000 mendi-igoera markatu dira Mendiak aplikazioa erabilita (horietatik 1.000 inguru GPS bidez zertifikatuta), eta 1.000 argazkitik gora dira erabiltzaileok sareratu eta partekatu dituzuenak.

Mendiak, 8848 deskarga

Mendi gailur bisitatuenak

Denbora tarte honetan gehien igo diren mendien zerrenda ere badugu dagoeneko. Hauexek dira: Gorbeia, Aizkorri, Pagasarri, Serantes, Ganekogorta, Anboto, Kalamua, Txindoki, Hernio, Beriain, Adarra, Urkiolagirre eta Udalatx.

Mendiak aplikazioa berritu dugu

Bertsio berritua Gabon bezperan: 3.4.5 bertsioa

Aplikazioa argitaratu genuenetik etengabe aritu gara hobekuntzak eta doiketak egiten, azken asteotan bereziki. Gaur bertan argitaratu dugu aplikazioaren azkenengo bertsioa, eguneraketa interesgarriekin datorrena:

  • Igoerak konexio barik markatu daitezke (eta gero Wifia detektatzean gordetzen dira datu-basean).
  • Mendi-fitxen karga-denbora murriztu dugu.
  • 50 mendi berri gehitu dira datu-basera (tartean Besaide edo Atxorrotz bezalako gailur ezagunak).
  • Argazkien kudeaketan ere hobekuntzak gehitu dira (besteak beste, argazkiak ezabatzeko aukera).
  • GPS bidezko zertifikazioan eta Mapen nabigazioan ere doiketak egin dira.

Ahal baduzu, bertsioa lehenbailehen eguneratzea gomendatzen dizugu.

Laster, berrikuntza gehiago

Hasieratik egin dugun bezala, datozen asteetan ere aplikazioa hobetzen eta ataza berriak gehitzen jarraituko dugu. Aplikazioan azaltzen diren mendien datu-basea handitzen jarraitzearekin batera, erabiltzaileok eskatu dizkiguzuen berrikuntzak gehitzen joango gara. Besteak beste, buruan ditugunen artean daude, igoerak markatzeko leihatilak erabilterrazago egitea, orrialde batzuen karga-denbora murriztea, erabiltzaile-orriak publiko egitea eta aplikazioaren alderdi soziala sendotzea, eta abar.

Urte hasierak egokiak izaten dira asmo berriei ekiteko. Hortaz, badakizue: Gabonetan eta 2017a hasieran, jarraitu dezagun guztiok mendira igotzen. Horrek xaxatzen gaituelako aurrera egitera: mendizaletasunak!

....................

Mendiak aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako dago garatuta. Play Storen jaitsi dezakezu.

Get it on Google Play
Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek