2011/03/24
Komunikaldiak jardunaldian parte hartu nuen atzo, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak gonbidatuta. Egile eskubideak ziren gaia, eta horretara estuago lotu ziren neurekin batera hizlari izan zirenak, SGAE Euskadiko zuzendari Ignacio Casado, eta David Bravo, gai hauetan aditua den abokatua (eta SGAEren nemesis dialektikoa, bide batez).

Komunikaldiak 2011 jardunaldira eroandako neure hurbilpena desberdina izan zen, kontsumitzailearena. Zehatzago, agian, teknologia berriekin hazten ari diren ume batzuen guraso batena. Ikuspegi horrekin jarri nion izenburua aurkezpenari: Eskubide digitalak: kultura eskubidea, sormen eskubidea, guraso eskubideak...

20110323KomunikaldiakLuistxoC

Japoniako aktualitatetik abiatu nintzen, Zaldieroak baimenik gabe kopiatutako pertsonaia baten tirarekin... Saiatu nintzen azaltzen kultura eta sormena ezinbestekoak direla, bai seme-alaben heziketarako, zein ekonomiaren aurrerapenerako ezagutzaren gizartean (benetan sinesten badugu horretan; ez badugu politikari askok bezala berba fetitxe soil gisa erabiltzen).

Kulturaren nahasketa, kontsumoa, gozatzea... Internet eta teknologiari esker hain erraz bihurtu diren honetan, horien demonizazioa barik, horren sustatzea da behar duguna, aurkezpenean aipatutako bideo honek egiten duen bezala, kopia ez baita lapurreta, ez ahaztu!

Jardunaldia bideoan ere grabatu zuten, eta neure agerpena hemen dago, 13. minututik aurrera hasten da. Eskerrik asko Huhezi-ri eta Mondragon Unibertsitateari aukera hau emateagatik.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek