Klikmetroak, publizitateko Argia Saria: produktu birala, eta babesletzarako eredu berritzailea
Publizitate arloko 2012ko Argia Saria eman diote klikmetroak.com kanpainari eta ekimenari. Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 28an egin zuen Argiak Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean. Euskarazko komunikazioaren sari ezagunak dira Argia Sariak, euskalgintza eta kulturgintzaren urteroko topaketa ere bai. Aurtengo gainerako sarituen berri, Argian bertan.
2011ko Kilometroak festari begira jarri zuen abian Azpeitiko Ikastola Ikasberrik klikmetroak.com, Berria-ren babesarekin, eta CodeSyntax-ek egindako aplikazio baten bidez gauzatu zen.
Aplikazioa hemen CodeSyntaxen garatu genuen, Django sistemaren gainean, Facebook, Google Maps eta Twitterreko APIekin konexioak erabiliz. Hemen informazio gehixeago, aplikazioa martxan jarri genuenekoa.
Zera da bere funtsa: pertsona bakoitzak metro bat hartzen du aplikazioan, mezu txiki baten bidez. Metro bakoitzak, era berean, babesle bat du, eta haren izen, logo eta esteka publizitatzen da horrela. Komertzialek salmenta lana egin zuten, metroak multzoka saldu, eta banaketa horren arabera, pertsona bakoitzak betetako metroak babesle baten edo bestearen aipua jasotzen du ondoan. Hona Fred Berruet-ek Lapurditik utzi zuen mezua, ondoan ageri da babeslea, Berria.
Publizitatea saltzeko sistema izateaz gain, gaitasun biralak ditu Klikmetroak aplikazioak.Twitter edo Facebook bidez egitean konexioa, erabiltzaileak aukera du sare sozial horietan bere ingurukoei metroa hartu duela jakinarazteko. Eragin biral eta hedatua sustatzen da horrela. Klikmetroak agertzen dira webgunean bertan, baina baita nork bere lagunarteare ingurunean, sare sozialetan. Kontua ez zen gaizki irten, Kilometroak-eko metroak babesteko ekimenak 6.500 metro-atxikimendutik gora izan zituen, zirkuitoak berak zituenak baino gehiago (eta, aldez aurretik, 5.930 metro haietara iristen saiatzea zen helburua).
Espero dugu Klikmetroak aplikazioa ez izatea urte bakarreko ekimena. 2012ko Kilometroak Andoainen izango da, eta baliteke Klikmetroak orduko horretan ere martxan izatea.