2013/12/05
Joan den astean, Inaki Irazabalbeitia eurodiputatuak gonbidatuta, euskalgintzako ordezkaritza batean izan nintzen Brusela, Europako Parlamentua bisitatzen.

Han ziren Martxelo Otamendi (Berria), Pantxoa Etchegoin (EKE), Mertxe Mugika (AEK) eta beste zenbait ilustre, eta haien ondoan, neuk, inor edo ezer ordezkatu baino gehiago, toki prosaikoagoa betetzen nuen: Irazabalbeitia.eu webgunea gure enpresak egina da, eta uste dut alde horretatik bete nuela tokitxoa bidaian.

Parlamentuaren funtzioez eta egitekoez azalpenak eman zizkigun Irazabalbeitiak. Bereziki, hizkuntzen babeserako, Alfonsi txostena onartu izana badela zerbait azaldu zigun, ez da lege-izaerako testu bat, baina oinarri bat bai, Europako hizkuntzek erabil dezaketena estatusaren erreibindikazioan. Era berean, erakundearen mekanikaz ere jakin genuen, eta beste eurodiputatu euskaldun bat ere aurkeztu zigun: Izaskun Bilbao, EAJkoa (haren blogean ere agertu zen gure taldea).

Irazabalbeitiaren webguneari dagokionez, aurten bertan ireki zen, udan. BNG eta ERC-rekin osatu zuen Aralarrek koalizioa eta txandakatu egin dute eurodiputatu kargua zerrenda hartakoek. Plone teknologiarekin egina dago Irazabalbeitia.eu, berau, nolabait, software europarra ere bai. Eleaniztasunera bereziki ondo egokitua dago Plone (hizkuntza anitzen artean euskaraz ere bai, CodeSyntax-ek euskaratua), eta software libreko CMS indartsu bat izanik, zenbait erakunde komunitariok aukeratua du bere Interneteko komunikaziorako.

Europako Batasuneko Plone-gune horietako batzuetan, gainera, lan ere egin izan dugu eta egiten dugu, garapen teknikoan eta mantentze-programetan. Europako Lan Segurtasunerako Agentziak (OSHA) Bilbon du egoitza, eta haren webgunean gabiltza lanean azken urteotan, Syslab enpresa alemanarekin elkarlanean. Beste agentzia bat Ingurugiroarena da, EEA izenekoa hau Danimarkan kokatuan, eta han egiten ditugun lanak Bilbomatica enpresarekin batera dira. Badira beste erakunde batzuk, Enisa, adibidez; non oraingoz ez dugun kontraturik... baina atento egoten gara, noski, lan egiteko aukerak piztekotan.

Ni neu, beti saltsaile eta saltzaile, softwarearen kontuaz jardun nuen Irazabalbeitiarekin grabatu genuen bideoan. Espedizioko beste lagunek beste mezu utzi zituzten. Tira, haiekin ere harremanak estutzeko balio izan du honek; batzuekin lanean gabiltza web proiektuetab, EKE, Tokikom (han izan zen Mikel Irizar), UEU (honen ordezkaria Unai Fernandez de Betoño), eta beste batzuekin elkarlan aukerak egongo dira, dudarik gabe.

Eskerrik asko Bruselan hain ondo hartu gintuzten Inaki Irazabalbeitiari, eta bere laguntzaile Olga Perez eta Argitxu Etxandiri.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek