Iraultza liburugintzan
NiNeuko lehen platertxoak probatzen hastearekin batera hiru protagonistek hitza hartu zuten, Xabier de la Maza moderatzaile zutela, Pintxos&Blogs-en topaketa berri batean.
Andoni Munduatek Hecho a mano liburuarekin izandako esperientzia aipatu zuen. Saldutako bost mila aleetatik bi mila inguru zuzenean saldu dituzte, beraiek egindako promozio lanaren ondorioz. Zuzeneko salmentari esker etekin handiagoa ateratzen dute liburu bakoitzean, ez baitiote banatzaile eta dendariari ordaindu behar.
Elkarreko Xabier Mendiguren Elizegik editore eta idazle moduan hitz egin zuen. Xabierrek ez dizkio abantaila larregi ikusten liburu elektronikoari eta bere ustetan ez dago iraultzarik oraingoz; salmenta datuek arrazoia ematen diote (Espainian saltzen diren liburuen %2 dira elektronikoak). Elkarrek liburu elektronikoekin duen politika azaldu zuen Xabierrek. Salmenta prezioa paperekoaren bi heren inguruan finkatua daukate, eta tentuz begiratzen diote merkatu berriari.
Hirugarren hizlaria Mikel Elorza genuen, Susako partaidea. Azarotik martxan da Susaren liburu elektronikoen denda. Irekieratik hona eguneko lau liburu saldu dituzte, ia 400, deskargak, ordea, askoz gehiago izan daitezke, ez dituzte eta oraingoz zenbatu. Sustatun idatzi nuen erabaki ausart honen inguruan eta Mikelek berretsi zuen prezio baxuen eta kopiarako babesik ezaren aldeko apustua. Gainera, bere ustetan deskargek liburu fisikoaren salmentaren alde egiten dute.
Hizlari bakoitzaren sarrera labur baten ostean solasaldia ireki eta publikoaren parte-hartzea hasi zen. Galdera-erantzun interesgarriak egon ziren eta nahiko argi geratu zen papereko liburuak ez direla desagertuko epe ertainean. Une batean testu-liburuei buruz ika-mika txikia piztu zen, apur bat aspergarria nire ustez, baina zorionez bere onera itzuli zen hizketaldia.
Xabier Mendigurenek goraipatu zuen argitaletxeek egiten duten galbahe lana, liburu bati jar diezaioketen garantia zigilua. Baita egile berri batek izena eta ospea bere kasa lortzeko izango lituzkeen zailtasunak.
Bukaeran bi kontu interesgarri atera ziren:
- Harkaitz Canoren Twist liburuaren bi mila ale saldu dira paperean eta laurogei digitalean (deskargak... auskalo).
- Elkar eta Amazon elkarlanean ari dira, lehena baita bigarrenaren banatzailea hego Euskal Herrian.
Bi ordu eta erdiren ostean hizketaldiak bizi-bizi zirauen oraindik, eta jarraituko zukeen jatetxetik bota ez bagintuzte. Pintxoseko antolakuntzak izango ditu hainbat gai buruan, baina liburugintzaren honek eman lezake bigarren saio batetarako.
Nire aportazio xumea, edota hiru galdera hizlari eta entzuleei
Hona hemen hiru ideia, edo galdera, erantzutea nahi dituenarentzat, hizlari zein entzule.
- Xabier Mendigurenek aipatu zuen argitaletxeak egiten duen galbahe lana. Etorkizunean akaso sor daitezke argitaletxe txiki eta arinak, langile oso gutxirekin liburuak online sareratuko dituztenak, elektronikoak zein paperean (print on demand soluzioei esker). Adibidez Xabierrek berak sor lezake Xabier Mendiguren S.L. enpresa, berak duen editore faman oinarrituz, bere kalitate zigilua emanez argitaratzen duenari. Honi erantzuteko, ahaztu dezagun une batez euskarak omen dituen hogei mila irakurleak, pentsa dezagun gehiago garela. Honekin lotuta, akaso ezagutuko duzue Orsai ekimena (ikusi bestela bideo hau). Aldizkari eta argitaletxe sortu berri honen atzean Hernan Casciari blogari eta idazlea dago. Casciariren fama eta egin duen promozio lanari esker argitaletxea errentagarri izateko bidean jartzen ari da.
- Liburu-denden alde egin zuten Mikelek zein Xabierrek, batez ere herri txikietan. Ez duzue jakingo baina Eibarren jada ez dago liburu-denda txikirik. Hiru aukera ditugu: Corte Ingles edo Eroskin erosi, Internet bidez eskatu, edo autoa hartu eta inguruko herrietara jo. Internet bidezko erosketa eta liburu elektronikoaren gorakada dela eta, zer gertatuko da liburu-dendekin? bere horretan jarraituko dute epe ertain/luzean?
- Azken ideia edo galdera salmenta ahaleginarekin lotuta dago. Nire blogean hau idatzi nuen egunkarien diru-iturrien inguruan, nola aliatu zitezkeen online liburu-dendekin salmenten zatitxo baten trukean. Euskal Herrian halako zerbait zergatik ez sortu? Zergatik ez sortu afiliatuen sistema bat Elkar eta komunikabide garrantzitsuenen artean (Berria, Gara, Argia, Goiena, eta abar)?