2008/10/29
Aste honetan eman da aditzera CodeSyntax-ek sortutako Tagzania Services enpresak dirua jaso duela arrisku kapitaleko erakunde batengandik. Interneti buruz gehiegi ere ez dakien batek baino gehiagok galdetzen digu zein den Tagzania Services-en negozio eredua. Ea azaltzen dugun.

Tagzania Services bitan banatu behar dugu. Batetik Tagzania.com webgunea, kontsumitzaileari zuzentzen zaiona, B2C delakoa. Iragarkietatik lortzen da dirua, gure kasuan Google-en iragarki sistema erabiliz. Bestalde, B2B merkatua daukagu, beste enpresei zuzendutako zerbitzuena. Mapekin, geolokalizazio zerbitzuekin edota web 2.0 delakoarekin erlazionatutako lanak dira. Horren adibide dira Nestoriarentzako egindako CasasZoom edota Google-entzako egindako 3 dimentsiotako eraikinak.

Kontsumitzaileari zuzentzen zaizkien webguneetan bada beste ohiko diru-iturri bat, freemium delakoa (ikusi ingelesezko wikipediako definizioa); funtsean, aplikazioak doako oinarrizko zerbitzua eskaintzen du eta baita ordaindu beharreko zerbitzu zabalago bat. Honen adibide da Flickr, argazkiak partekatzeko webgunea: doako zerbitzua hautatuz gero hilabeteko 100 MB-eko muga daukagu, ezin argazki gehiago igo hurrengo hilerarte. Aldiz, urteko 20 bat euroren truke nahi adina argazki igo ditzazkegu.

Iragarkietan Google Adsense darabilgula aipatu dugu, baina ez da aukera bakarra, ondoren zerrendatzen ditugunak ere interesgarriak dira:

  • Babesleak: iragarleak epe jakin baterako kontratatzen du webgunean espazioa. Sustatu bera da horren adibide. Klik-a baino gehiago marka lantzea bilatzen da, izena lortzea.
  • Afiliazioak: liburu, diska eta bidaien sektorean erabiltzen da asko sistema hau. Adibidez, liburuei buruz idazten badut, Amazon-ekin akordio batetara irits naiteke niri esker saltzen duten liburu bakoitzaren portzentai bat neretzako izan dadin.
  • Babestutako artikuluak: hainbat blogek idazten dute artikulu bat produktu edota zerbitzu baten inguruan diruaren truke.
  • Merchandising-a: diseinu edo logo esanguratsua daukan webgune batek kamisetak edota kafe katiluak sal ditzake. Horren adibide da Twitter-en FailWhale irudia, umeentzako arropa ere saltzen dute eta!.

Loogic blogeko artikulu batean oinarritu gara zerrenda hau egiteko, bertan adibide gehiago aurkituko dituzu.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek