2020/01/31
Duela 15 urte inguru argitaratu genuen Blogak.eus plataforma edo blog-komunitatea. Erabiltzaileei aukera ematen die euren blogak sortzeko, modu errazean, euskaraz eta doan. Orain, adar berria gehitu diogu plataformari: Ikasblogak. Ikasle eta irakasleentzat pentsatutako blog-komunitatea, non irakasle bakoitzak bere gelako blog-komunitatea sortu ahalko duen.

CodeSyntax enpresak Bitakora softwarearekin sortutako blog-komunitatea da Blogak.eus. Helburua argia da: oso modu errazean, edonork bloga sortu ahal izatea, doan, samur eta euskaraz; euskal internautei baliabide erabilterraz bat eskaintzea, sarean euskarazko edukia sortu dezan, bakoitzak bere zaletasun eta premien arabera.

Blog komunitatek honek 15 urte beteko ditu aurten (2005eko abenduan aurkeztu eta 2016an berritu zen). Eta urteurren hori baliatuta, azken hilabeteotan berrikuntza handi bat erantsi diogu plataformari, Eusko Jaurlaritzaren IKT dirulaguntza bati esker: Ikasblogak.

Blogak.eus sortu genuenetik nabaritu dugu asko izan direla gure komunitatean blog sortu duten ikasle eta irakasleak. Ikasgelan teknologia berriak lantzeko, edo komunikazioarekin lotutako ikasgaiak lantzeko erreminta praktikoa dira blogak. Gainera, gure plataforma honetatik kanpo ere, oso ohikoa da ikastetxeetan hainbat blog sortzea (ikasgela osoarena, edo ikasgai batena), non irakasleek gelan egindako zenbait ekintza plazaratzen dituzten, ikasleen laguntzarekin, gurasoek etxetik ikus ditzaten.

Ikastetxeetan dagoen premia horri erantzuteko sortu ditugu Ikasblogak, hain zuzen ere. Ikastetxeek eta irakasleek blogak sortzeko duten behar hori erraztu nahi du Ikasblogak erremintak, guztia ere plataforme teknologiko erabilterraz batean, eta euskara hutsean (normalean ikastetxeek erdarazko erremintak erabiltzera behartuta baitaude).

Ikasblogak plataforma berriak dituen zenbait ezaugarri:

  • Ikastetxearen eta Ikasgelaren araberako antolakuntza, taldeka ikusi, antolatu eta kudeatu daitezen gela edo ikastetxe bereko blogak. Ikasmailaka, urteka, ikasgaika, eta abar.
  • Izen-emate eta identifikazio-sistema berria, ikasle eta irakasleentzat errazagoa, norberaren jarduna gela eta ikastetxe batera lotzeko aukerarekin.
  • Irakasleentzat kudeaketa aurreratua. Irakasle "rol" berri bat sortu da plataforman, blogari batek baino aukera gehiagorekin, besteak beste, gela/ikastetxe bateko blog metaketaren jarduna ikuskatu eta gidatzeko.
  • Guztia ere Blogak.eus plataforma integratuta, blog-komunitate horrek berezko dituen ezaugarriekin: doakoa da, euskara hutsean, erabilterraza, teknikoki arina eta mugikorretara egokitua.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek