2012/02/20
Html5 eta css3 ikastaro batean egon gera Enpresa Digitalaren eskutik. Gauza batzuk bagenizkien, eta ez genekizkienak interneten daude, baina oso ondo etortzen da modu ordenatu batean eta irakasle on baten eskutik teoria di-da errepasatzea.

Ainhoa Iglesias izan da etiketa berriak argi eta garbi azaldu dizkiguna. Praktikarako denbora gutxi 15 orduko ikastaro batian, baina egunerokoa daukagu guk praktikarako.

Webgunearen egitura antolatzeko div berriekin dator html5. Orain arte <div id="header"> edo <div id="footer"> jartzen genduan tokian orain: <header>, <footer>, <nav>, <article>, <section>, <aside>, <figure>... jarriko ditugu besteak beste. Formularioetan ere funtzionalitate berri piloa dakartza HTML5ak, baita soinu eta bideo artxiboak sartzerako orduan ere, baina beti bezala arazoa, nabigatzaile desberdinak dira.

HTML5 eta CSS3 erabiltzeko ordua iritsi da. Proiektu txikiekin hasi gero handiagoekin jarraitzeko. Baina arazoak izango ditugu. Nabigatzaile modernoen artean (Safari, Firefox, Chrome, Opera...) guztiek ez dute berdin erantzuten etiketa berri hauekiko eta Internet Explorerek ia ez du bat bera ere onartzen. Beraz, eta HTML5 erabili nahi badugu, Internet Explorer hil bitartean hack piloa erabiltzera behartuta gaude.

Gailu desberdinetan ikusiko diren diseinuak egiten hasi beharra daukagu: jqueriak, diseinu likidoak, portzentajetan neurtzen diren zutabe zabalerak... Hemendik gutxira diseinu proposamen bat egiten dugunean 4 bertsio erakutsi beharko ditugu:

  • Nola ikusiko da ordenagailuaren pantailan edozein nabigatzaile moderno batean: Chrome, Safari, FireFox...
  • Nola ikusiko da pantailan nabigatzaile zaharretan: Internet Explorer.
  • Nola ikusiko da tablet batean.
  • Nola ikusiko da telefono mugikor batean zutabe bakarrera.

 

CSS3k gauza benetan politak egiteko aukera ematen digu: tipografia desberdinak, itzalak testu eta kaxetan, mugitzen diren elementuak, transformazioak...

Dena den, berrikuntza handiena CSS3-en API-en eskutik datorrela uste dut: 2D APIa, geolokalizazioa, drag&drop, datu-metaketa nabigatzailean bertan... Horra hor lanerako esparru berri eta interesgarri bat programatzaile eta diseinatzaileontzako.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek