Hizkuntzen irabazia - Benefits of language industry in the economy
Adimen artifizialaren garapenak Europako hizkuntzen oreka mehatxatzen du, ingelesa hizkuntza hegemoniko bihurtuz. Euskal Herrian, euskararen aldeko ahaleginek hizkuntzen industria sendo bat sortu dute, eleaniztasunaren eragina ekonomian erakutsiz. Hizkuntzen Irabazia - benefits of languages industry in the economy kongresuan, euskararen eta Europako beste hizkuntza gutxituen aurrerapen teknologikoak eta ekonomiarako ekarpenak aztertu dira.
Kongresuak hainbat gai landu ditu, besteak beste:
- Hizkuntza gutxituen eta ekonomia tokikoaren arteko harremana.
- Teknologia berrietan eta ingurune digitalean hizkuntza horien presentzia bermatzeko erronkak eta aukerak.
- Adimen artifizialaren garapenak hizkuntza-aniztasunari eragiten dion presioa, ingelesaren nagusitasun digitala dela eta.
Parte-hartzaileak Europako 30 hizlaritik gora izan dira, eta 15 hizkuntza gutxituen egoera aztertzeko aukera egon da. Halaber, euskarak teknologia arloan egin dituen aurrerapenak erakutsi dira, beste hizkuntza minorizatu batzuekin esperientziak eta estrategiak partekatuz.
Egunean Behi eta bere bertsio galestarra
Kongresuaren bigarren egunean landutako "Entretenimendu-industriaren digitalizazioa (bideo-jokoak, etab) Hizkuntza gutxituetan" izeneko saioan, Luistxo Fernandez lankideak parte hartu zuen, Harro Hallman, Adam Edwards eta Jörg Hübnerrekin batera. Luistxok Egunean Behin jokoaren arrakasta eta eragina azaldu zuen.
Egunean Behin, 2019an CodeSyntax-ek sortutako tribial estiloko jokoak, euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldunen komunitate digitala indartzeko tresna garrantzitsua bihurtu da. Jokoak, 220.000 erabiltzaile eta 50 milioi partida baino gehiago lortu ditu, eta astero 45.000 parte-hartzaile inguru ditu. Luistxo Fernandezek azpimarratu zuen jokoaren arrakastaren gakoak sinpletasuna eta "denbora gutxiz harrapatzen zaituelako" duen izaera direla. Gainera, aplikaizioa beste hizkuntza gutxitu batzuetara ere hedatu dugu, hala nola Galesera. Hain zuzen ere, Galeseko telebistarekin batera egindako Cwis Bob Dydd jokoa.
Hedapen hori eta Galesekin kolaborazioa, S4C bertako telebista publikoak enkargatua 2022an, areagotu egin da 2024an, Flandria/Gales/Korsika eskualdeetan kooperazio tekniko proiektuen laguntza deialdiari esker, Eusko Jaurlaritzaren sustapen ekimenari esker. Hain zuzen ere, S4C Galesko telebistarentzat Cwis Bob Dydd bertsioaren egokitzapena eta kudeaketa egin duen Tinint enpresako zuzendarki komertziala, Adam Edwards, biltzarrean izan da. Elkarlanaren balorazioa egin dugu CodeSyntax-ek eta Tinint-ek abafunea aprobetxatuz, 2025erako jarraipen aukerak tratatuz.
Biltzar erakargarri bat
Hizkuntzen Irabazia biltzarra doakoa izan da, baina izen-ematea beharrezkoa zen. Gainera, EITB.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera egon da, streaming bidez, hizlari eta eztabaiden xehetasun guztiak eskuragarri jarriz. Kongresuak iraun dituen bi egunetan egon diren hitzaldi guztiak, EITB-ren youtubeko lanalean daude ikusgai.
Kongresuak Europako Batasunak hizkuntza gutxituen garapenari buruz duen ikuspegia ere aurkeztu du, eta azaldu du nola laguntzen duten hizkuntza aniztasunak eta kultura aberastasunak eskualde aberatsen garapenean, hala nola Euskal Herrian edo Tirol Hegoaldean.
CodeSyntax-en, Egunean Behin jokoaren bidez, argi geratu da hizkuntza gutxituen garapena teknoloa eta entretenimendua uztartuz ere lor daitekeela. Hizkuntzen irabazia kongresuan parte hartzea aukera bikaina izan da gure esperientzia partekatzeko eta beste hizkuntza gutxituen komunitateekin elkarlana sustatzeko. Teknologia eta hizkuntzen arteko loturak sendotzen jarraitzeko, lanean tinko jarraituko dugu. Izan ere, digitalizazioaren aro honetan, hizkuntza gutxituen etorkizuna guztion ardura da.