Urumeako Kronika.eus tokiko hedabidea ere Tokikom Plataformara etorri da
Tokiko komunikabideak biltzen dituen elkartea da Tokikom. Euskal Herriko 60 hedabide inguru biltzen ditu bere baitan, tokiko telebista, irrati eta aldizkariak. Euskarazko tokiko hedabide gehienak, beraz.
Hedabide guzti horiei Interneterako irtenbide teknologiko egoki bat emateko asmoz, Tokikom Plataforma garatu genuen Tokikomekin elkarlanean 2013. urtean, eta 2018an Plataforma hori goitik behera aldatu genuen Interneteko komunikazioak dituen behar berrietara egokitzeko.
2018ko urriaren bukaeran argitaratu genuen lehenengo tokiko hedabidea, Goiena.eus, Plataforma berrituan eta, harrezkero, urte beteko epean, beste 19 etorri dira Plataforma berrira. Guztira 20 hedabide dira, hortaz, herri zein eskualde mailakoak, web-plataforma bateratu hori darabiltenak, eta Hernaniko Kronika.eus izan da gurekin bat egin duen azkena.
Bihotzez berdin, arimaz ezberdin
Prozesuaren erronka nagusia 20 hedabide horiek dituzten behar ezberdinetara egokitzea izan da. Izan ere, badira herri mailakoak, eskualdekoak eta herrialde mailakoak; badira hedabide txikiak, eta badira erraldoiak; badira irratia dutenak eta badira telebista dutenak; badira... tira, denetik.
Hortaz, irtenbide bateratu bat behar genuen, baina baita hedabide bakoitzari bere beharrak asetzeko adineko askatasuna ematen diona ere. Hau da, 20 hedabiderentzat baliagarri izango zen plataforma bateratua sortzea, bihotzez berdin baina arimaz ezberdin.
Garapen teknologikoa bera baino gehiago, horixe izan da, hartara, CodeSyntaxen izan dugun erronka teknologiko nagusia. Multiplo komun txikienaren eta zatitzaile komun handienaren artean artean dantzan aritzea ;)
Esan behar dugu erronka teknologiko polita izan dela azken urte t'erdikoa. Proiektuan ibili diren gure garatzaile, teknikari eta disenatzaileek sekulako lana egin dute (Zaloa, Urtzi, Jatsu, Aitzol eta guztiek), eta oso pozik gaude orain arte egindako bidearekin eta teknologikoki eman dugun urratsarekin. Epe labur-ertainera begira, gainera, garapen berriak egiteko eta goiz bakar batean 20 hedabidetara zabaldu ahal izateak, erraztasun handiak emango dizkigu aurrera egiten eta plataforma bateratua garatzen jarraitzeko.
Lehenengo fase batean lehendik ere Tokikom Plataformaren bertsio zaharra zerabilten 15 hedabide ekarri genituen, 2019ko hasierarako. Ondoren, beste 3 hedabide berri ere etorri ziren plataformara, Aiurri, Txintxarri eta Noaua. Udaberrian Hiruka.eus ere etorri zen plataformara, eta aste honetan Kronikaren txanda izan da.
Guztira, 20 hedabide berri(tu) urte betean.
Kronika.eus, ikusentzunezko edukiaren eta komunitatearen zera zabalagoa
Kronikak berak aipatu duenez, hemendik aurrera irakurleei eta multimediari protagonismo gehiago eman nahi diete, eta helburu horiek lortzeko aukera eskaintzen die plataformak.
Batetik, Kronikaren inguruan Komunitate sendo bat osatu nahi dute, irakurle huts izatetik parte-hartzaile izatera bultzatu nahi dituztenak (Kronikako Komunitatean parte hartuz, iruzkinak eginez, iritziak idatziz, edo artikuluak argitaratuz). Gainera, eskualdeko elkarte eta erakundeei ere erakusleiho bat eskaini nahi diete, euren artikuluak zein ekitaldiak kargatu ahal izateko eta guztien artean agenda bateratu bat antolatu ahal izateko.
Era berean, gaurko komunikazio-ereduetan gero eta garrantzitsuagoa den ikusentzunezko materialak askoz indar handiagoa hartuko du aurrerantzean Kronikak, argazki-galerien bidez ez ezik, baita bideoz hornitutako artikuluekin ere.
Aldaketa nagusiak
Plataforma Bateratu berrian egin ditugun aldaketa edo garapen interesgarrienak honakoak izan dira:
- Mugikorrak lehenesteko egokitutako diseinua.
- Multimedia edukiaren karga eta bisualizazioa azkartu egin da.
- Online publizitateko azken estandarrak ere txertatu dira diseinuan.
- Orrialdeen karga arintzeko aldaketa teknikoak ere egin dira, eta diseinua garbitu, bateratu, eta sinplifikatu.
- Administrazio gunean ere aldaketak handiak egin dira, kazetariei errazteko albisteak mugikorretik zuzenean argitaratu ahal izatea.
- Egitura modularra, komunikabide bakoitzak askatasun gehiago izateko bere webgunearen diseinua aldatu eta egokitzeko, teknikarien laguntzarik gabe
- Azpiegitura tekniko bateratua, berrikuntzak eta eraldaketa teknikoak errazteko.