Hedabideak, kazetariak, robotak
Hauxe izan zen Pintxos & Blogs ekitaldian joan den ostiralean, Astoria 7 Hotelean egindako ekitaldian azaldu nuen aurkezpena. Ohi bezala, ezer gutxi ulertzen dira diapoak haiekin zer kontatu zen entzun barik, baina joan zirenei eta gogoarekin geratu zirenei erakutsi behar zaie, gutxienez, eta hor dago.
Iragarritako plantelean aldaketa izan zen, eta Iñigo Kortabitarteren ordez, Berria taldeko Idurre Eskisabel etorri zen, zeinak Berria.info eraberritua eta Berriketan.info sare soziala azaldu zituen. Ondoren, Arantza Kaltzadak hitz egin zuen, Euskadi Irratiko programazio arduradunak; eta azkenik neuk. Gero, denen arteko elkarrizketa saiotxo bat egon zen.
Pintxoak, oso onak, eta tokia, Astoria 7 hotela, oso egokia, wifi gaitasun bikainarekin. Aurkezpenean, irudi graziosoren bat ikusiko duzue, nola alderatu nituen Community manager direlakoak, azken aste hauetan sortu dugunarekin, Community Robot batekin. Horixe baita, hain zuzen ere, Umap, eta tira, gure produktuaz ere berba egin nuen (deskargurako: beste hizlariek ere, beren etxekoaz jardun zuten batik bat). Ideia bertsua eraman zuen nire lankide Mikel Lizarraldek Bilbon egindako Elevator Pitch ekitaldira, eta aurkezpenetan zenbait irudi eta ideia partekatu genituen.
Dena den, Lizarralde lankidearena gehiago marketing saio bat izan zen, eta ni saiatu nintzen azaltzen zein izan daitezkeen komunikatzaileen lanak, ofizioak eta pasioak Interneteko aro berri honetan. Izan ere, robotek nonbait gizakiei lana kendu arren, komunikatzeko pasioa baduzu, hau baino garai hoberik ez dago, eta aukerak lanerako, ez dira faltako, nahiz eta bidean zailtasunak gertatu, gertatuko diren.