Gustoko bidean aldaparik ez
2012/03/21
Enpresa gazte eta dinamikoa garela eta, noizean behin gazteak animatzeko hitzaldiak ematera deitzen digute. Atzokoa Arrasaten izan zen, Bizkaia:Xede erakundeak eskatuta.
Bizkaia:xede, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da, beraien webgunean diotenez:
Oso ondo prestatutako pertsonei eusteko, erakartzeko eta inplikatzeko baldintzak eta prozesuak sustatzea eta Bizkaiko erakundeetako berrikuntza eta jakintza aurreraturako arloak bultzatzea.
Helburu horrekin Mondragon Unibertsitateko ikasleekin topaketa bat antolatu zuten atzo, eta han egon nintzen gure esperientziaz hizketan. Bertan izan ziren Bizkaia:xede-ko zuzendari Ivan Jimenez eta MU-ko errektoreorde Jon Altuna nere ikaskide ohia.
Zer kontatu nuen?
- Batetik, gure ibilbidea kontatu nien. Nola sortu zen CodeSyntax eta nola denborak batera eta bestera eramaten gaituen. Ez dakit argi utzi nien, baina nere helburua zen azaltzea nola bizitza kasualitatez betea dagoen.
- Bestetik, aurreko puntuarekin lotuta, esan nien norberaren esku dago pauso bat edo beste bat hartzea eta saiatu behar gara bilaketa horretan aktibo izaten. Azkenean kasualitateak gure aldera erortzen saiatu behar garela.
- Bukatzeko Steve Jobs-en Stanford-eko hitzaldia destripatu nien, eta gero etxean ikusteko eskatu: Steve Jobs Stanford
Laguntza modura transparentzia batzuek prestatu nituen, ez dute apenas testurik, baina hor daude ideia bat izan nahi baduzue: Gustoko bidean aldaparik ez