2024/05/17
Komunikazioaren digitalizazioari osotasunean erantzun ahal izateko eta txikien arteko indarrak batzeko, GUKA aurkeztuko da astelehenean Azpeitian. Urola kostako komunikabideek batuta, hiru hanka dakarren estrategia berriarekin: marka eraldaketa, eskaintza berria, eta kidetzeko formula berria.

Egitura berriak eskaintza anitzak batzen ditu, marka bakar baten pean, eskualdearen komunikazio beharrei erantzuteko. Urteetan daramagu lanean TOKIKOM plataforma garatzen eta erabiltzen ari diren tokiko komunikabideekin. Urolan kokatuta dauden Azpeitiko Uztarria (https://zumaiaguka.eus/), Azkoitiko Maxixatzen (https://azkoitiaguka.eus), Zumaiako Baleike (https://zumaiaguka.eus/), Zarauzko Hitza (https://zarautzguka.eus/), Orio nahiz Aiako Karkara (https://orioguka.eus/, Urola Kostako Hitza (https://guka.eus/) eta Erlo Telebista batuko dira GUKA-n.

GUKA berria

Orain arte, euskarri ezberdinetako horietako hainbat hedabidek osatzen zuten UKT, baina astelehenetik aurrera, GUKA-ren aterkipean arituko dira guztiak. Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiaren hitzetan, "marka berri batekin asmatzea ez da erraza, baina bost urteotan egitura bakarrean funtzionatu dute eta marka bakarrean batzeko garaia da. Guka izango da marka berri hori. Azken finean, gure herrietatik sortutako komunikazio taldea gara, gure komunitateaz jarduten dugu, gure begiekin, gure erara, gure hizkuntzan": "Guka gara" azpimarratu du Zabaletak.

GUKA

Proiektu honek Urola Kostako komunikazio paisaia berritzea eta dinamizatzea du helburu, eskualdearen aniztasuna eta aberastasuna islatuz.

Urtzi Odriozola lankidearen hitzetan: "Lehen pausu moduan txikien arteko indarrak batzeko, GUKA proiektuaren ingurune digitalen bateratzean lagundu genuen eta hedabideen arteko elkarlanerako ezinbesteko tresna garatu genuen CodeSyntax-en. GUKA estrategia aurrera atera dadin, elkartze prozesuaren azken txanpan webguneetan marka aldetik eta bazkideentzat osatutako txokoan aldaketak egiten lagundu dugu. Hemendik aurrera ere, digitalizazio eta indar batze horretan aurrerapauso berriak ematen lagunduko dugu beste hainbat esparrutan ere eta GUKA proiektua teknologian abangoardian egon dezan ziurtatu."

 

Gukakide festak

Astelehenean Azpeitian egingo den aurkezpena erakundeei bideratutakoa izango da, baina herritarrekin ere ospatu nahi da aro berriaren hasiera. Beraz, herriz herri Gukakide festak egingo dira maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran, herritarren babesa ezinbestekoa delako UKTren proiektuak indartsu jarrai dezan.

TOKIKOM plataforma

Python eta Django-n garatu dugun Tokikom Plataforma Digitala izango du euskarri digital moduan GUKA proiektuak.

Euskarazko 60 toki komunikabidek osatzen dute TOKIKOM sarea eta hedabide horiei Interneten publikatzeko plataforma bateratu bat garatu genuen, Tokikomekin elkarlanean, 2013. urtean. Harrezkero, ia 30 hedabidek darabilte plataforma zentral berbera, tokiko hedabideek Interneten argitaratzeko behar dituzten tresna eta funtzionalitateak eskainiz: albistegia, agenda, komunitatea, gida komertzialak, iragarkiak, zorion-agur eta eskelak, bideoteka, argazki-galeriak, eta abar. Guztira 30 erreminta baino gehiago eskaintzen ditu plataformak eta etorkizunari begira I+G proiektuen bitartez - metadatoen inguruko GAMES edo ADIMEN izeneko"Agiritegi adimendun baterako aplikazio eta tresna aurreratuak", kasuetan bezala.

Erronka teknologiko eta logistiko polita izaten ari da guretako hau guztiau. Eskerrik asko konfidantzagatik eta emandako laguntzagatik Tokikomeko eta GUKAko lagunei!

Argazkiak eta adierazpenak: GUKA 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek