2012/07/04
Orain denbora bat hasi nintzen laneko orduen kontrolerako gtimelog erabiltzen. Tresna oso sinplea da gtimelog: goizean lanera etortzean "egunon" mezua idatzi eta denbora kontatzen hasten da.

Proiektu jakinen baten lanean hasi eta lana bukatutakoan markatu "Proiektua 1". Gero beste baten hasi eta bukatutakoan "Proiektua 2" markatu. Hau da, lana egin ostean jarri behar da marka.

Kontatu nahi ez duzun zerbaiten aritu bazara ** ikurrarekin markatu daiteke eta automatikoki ez du kontatuko egindako lana. Konfigurazioa ere badu eta eguneko lan-ordu kopurua ezarri dezakezu eta zenbat falta zaizun ere esaten dizu.

Baina ezaugarririk erabilgarriena, guretzat behintzat, asteko ordu-laburpena da. Proiektu beraren gainean egindako lanorduak batu eta asteko (edo hilabeteko) laburpena ateratzen du programak. Hori gure barne ERPurutxorekin lotuta daukagu, han laburpen-inportatzailea baitugu eta pare bat klik eginda lan-orduen kontrola proiektu-kudeaketa tresnarekin lotuta daukagu.

Batzuk alemaniarra naizela esaten didate tresna hau erabiltzen dudanetik nire ordu laburpenak minuturainoko zehaztasuna baitute. Gauza ez da zehatz-mehatz ordu kopurua jakitea, gutxi-gora beherakoa baizik, baina tresnak bietan laguntzen du; zehatz-zehatza izan nahi baduzu (hortik, alemaniarrarena) horretarako aukera ere ematen du-eta.

gtimelog python-en idatzita dago eta PyPIn eskuratu daiteke. Debian edo Ubuntu badarabilzu, APT erabiliz instalatu dezakezu (apt-get install gtimelog). Windows-en jartzeko badago prozedura konplikatu bat, baina guk ez dugu lortu (denbora asko ere ez dugu eman saiatzen).

Eguneraketa: Nagore eta Lur kexatu egin direnez, garbi geratu dadila Plone Team osoak erabiltzen duela aplikazioa.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek