2012/05/23
Sarean denda bat irekitzea saltzen hasteko eman beharreko lehen pausoa da, baina ez azkena. Denda fisikoetan gertatzen den moduan, erosleak gure dendara erakarri behar ditugu. Hainbat estrategia jarraitu daitezke horretarako: SEOa (Google-en posizionamendua lantzea), SEM (Google-en iragarkiak erostea), sare sozialetan jardutea eta abar.

Sarean denda bat kudeatzea ez da lan makala. Eguneroko lan operatiboaz gain (eskariak, arreta, stock-a, ...) erosleak erakartzeaz arduratu behar gara. Eroslerik gabe ez dago salmentarik.

Goian aipaturiko trafiko-erakarpen teknikak ezagunak dira ia guztiontzat. Google-en posizionamendua ondo lantzen ahalegintzen gara, hitz zehatz eta egokiak erabiliz, estekak lortuz, fundamentuzko edukia eta URL-ak eta abar. Epe ertain/luzera begira egiten den lana da posizionamenduarena.

Epea dela eta tankerako zerbait esan daiteke sare-sozialetan egiten den lanaz. Marka eta komunitatea apurka-apurka landu beharreko zerbait da. Ez ditu berehalako emaitzak ematen.

Hazteko presa bada zure ardura, emaitzak di-da lortzea. Hortxe daukazu Google-en iragarki sistema, Adwords. Jarri iragarkiak, neurtu hauen eraginkortasuna eta errentagarritasuna, eta moldatu iragarkiak emaitza onak lortzeko. Sistema interesgarria, batez ere hazten ari diren proiektuentzat.

Kisale bizikleta dendaren kudeaketaren ardura CodeSyntaxena da, lehenago aipatu izan dugun moduan. Eguneroko jardunaz gain gure esku dago trafikoa erakartzearen lana, erosleak dendara sartzearena. Aurreraxeago bota ditudan lanen bidez, beste batzuen artean, salmentak erdiesten ahalegintzen gara.

Erakutsi zure produktuak Google Shopping-en

Erosleak lortzeko darabilgun beste erreminta interesgarri bat Google Shopping da. Funtsean prezio konparatzailea da, aspaldi xamar modan egon ziren horien modukoa. Baina bada ezberdintasun nabarmen bat. Google-en produktu zehatz baten bilaketa egiten badugu, adibidez Crank Brothers Egg Beater 3 (harritzekoa bada ere, horixe da pedal horien izen zuzen eta osoa, bezeroek ere ikasi dutena), Google-ek emaitza organikoaren baitan erakusten du Google Shopping-en emaitza:

Google emaitza organikoa

Emaitza organikoetan hortxe daude hiru esteka gehiago, dendaren izena, produktuaren izena eta prezioarekin.

Bestalde, ezkerreko zutabeko Shopping estekan klik eginda, denda gehiago ikusi ahal izango ditugu:

Google Shopping

Oraingoz ez du zoratzeko moduko oihartzunik eragiten eta nork jakin ea Google-ek sortu eta inor enteratu gabe akabatzen duen proiektu horietako bat izango al den, baina izugarrizko potentziala duelakoan gaude. Produktu bat bilatu eta Google-ek denda batzuk erakusten dizkizu, erosketa prezioarekin, bidalketa kontuan hartuz.

Denda bat kudeatzen baduzu, edota bat abian jartzea pentsatzen baduzu, hona hemen kontuan izan beharreko erreminta bat gehiago, lehen ere gutxi baziren.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek