2010/09/03
Jaso berri dut Android aplikazioak sortzeko Google-k sortu duen tresna berria erabiltzeko gonbidapena. Denbora tarte bat eskaini diot tresna berri honi eta jarraian azalduko ditut nire lehen sentzazioak

Zer da?

App Inventor Android aplikazioak bisualki sortzeko garatutako tresna da. Tresna honek bi atal nagusi dauzka, diseinatzailea eta bloke editorea.

Diseinu atalean aplikazioaren osagaiak zehazten ditugu, ikusten direnak eta ikusten ez diren batzuk ere (datu baseak  adibidez).  Diseinu atal hau ezaguna egingo zaioa Visual Basic edo JBuilder bezalako tresnak erabili dituen edonori, hau da, zerrenda batetik elementuak aukeratu, interfazean dagokion tokian kokatu eta propietateak egokitu.

Nire ustez berrikuntza nagusia bloke editore atalean dago. Atal honetan aurrez definitu ditugun elementuei funtzionalitatea emango diogu, hau da, gure aplikazioaren logika programatuko dugu, baina bisualki, programazio lerro bat bera gabe. Bloke editoreak Open Blocks Java library erabiltzen du programazio bloke bisualak sortzeko. Open Blocks programazio bisuala Scratch programazio lengoaiari oso lotuta dago. Bai Scratch zein Open Blocks MIT-ean garatutako tresnak dira.

Informazio gehiago App Inventorren orrian bertan aurki daiteke.

Instalazioa

Atal honetan aipatzen diren pausuak ez dute ezertarako balioko web aplikazioa erabiltzeko gonbidapenik ez baldin badaukazu.

Nahiz eta web nabigatzailean exekutatzen den aplikazio bat izan, ordenagailuan zenbait tresna instalatzea eskatzen du. Tresna hauen instalazioak ez dauka inongo misteriorik, Google-k berak Mac OSX, Linux eta Windows-erako paketeak eta instalazio laguntza bereiztuak eskaintzen bait ditu. Kontuan izan beharreko gauza nagusia zure ordenagailuak defektuz Java 6 bertsioa erabiltzea da (Linux badarabilzu OpenJDK beharrean Sun-en bertsioa erabiltzea gomendatzen dute).

Behin instalazioa burututa Android telefonoa ere konfiguratu behar da. Konfigurazio gehienak nahiko ohikoak dira Android aplikazioen garapenean arituz gero: jatorri ezezaguneko aplikazioen instalazioa onartu eta USB debug eta beti aktibo egotea markatu. Dena den badago azken puntu 'xelebre' bat: pantailaren biraketa automatikoa desaktibatu behar da.

App Inventor eta telefonoaren lotura

Behin instalazioa burututa, dagoeneko hasi gaitezke App Inventor erabiltzen, horretarako appinventor.googlelabs.com helbidean sartu eta gonbidapena eman diguten Google kontuarekin sartu beharko gara. Izena eman ondoren, badirudi ez dela gauza handirik gertatu, baina, gure pantaila 'My Projects' deitzen den lotura berri bat agertzen da, eta hor klikatuta sartuko gara App Inventor erabiltzera. Lehen pausua proiektu bat gehitzea da, hori egindakoan App Inventorren aplikazioen diseinurako interfazera sartuko gara, bertan, gure aplikazioaren itxura zehaztuko dugu, baina ez bakarrik itxura, baita ere datuak gordetzeko datu baseak edo gure aplikazioan erabiliko dugun beste edozein elementu.

Behin itxura zehaztuta aplikazioaren funtzionalitatea zehaztu beharko dugu, eta horretarko Blocks Editor deskargatu beharko dugu. Blocs Editor-ek bi egiteko dauzka: alde batetik aplikazioaren elementuen funtzionalitateak zehazteko balio du, eta bestetik ordenagailua eta telefonoaren arteko komunikazioaz arduratzen da. Behin Blocks Editorrek gure telefonoarekin lotura ezartzen duenean zuzenean ikus dezakegu gure aplikazioa martxan telefonoan bertan!

Esan bezala aplikazioaren funtzionalitatea bisualki zehaztea da App Inventorren helburua, eta horretarako Blocks Editorrek programazio lengoaietako oinarrizko blokeen adierazpen bisual bat ematen du, horrela kontrol egiturak, funtzio definizioak, karaktera kateak, baldintzak... erabiltzeko aukera daukagu. Elementu hauek eta gure proiektuko diseinu atalean zehaztutako elementuan propietate eta funtzionalitateak konbinatuz emango diogu bizia gure aplikazioari.

Zikin ditzagun eskuak

Ondo, primeran, ederra 'katxarroa', baina, balio du? Ea ba, saia nadin zerbait erabilgarria egiten App Inventor erabiliz. Ez dut betiko 'Kaixo mundua' aplikazioa egin nahi. Begiratu azkar bat eman diot diseinu atalean dauden elementuei, eta hara! Social atalaren barruan Twitter modulo bat ikusi dut. Bueno, ba egin dezadan twiterren erabiltzaile baten egoera aldatzen duen aplikazioa bat. Interfazeak ez dauka misteriorik:

  • Mezua idazteko testu kutxa bat
  • Mezua bidaltzeko botoi bat
  • Hobespenak zehazteko botoi bat
  • Hobespenetan, erabiltzaile izen eta pasahitza gordetzeko aukera
  • Mezua ondo bidali dela adierazten duen mezu bat

Pare bat orduan aplikazioa martxan izatea lortu dut, onartzen dut ez dela munduko aplikazio konplexu eta osatueana, baina, ederra da pare bat orduan (plataforma ezagutzeko denbora barne) zerbait funtzionala izatea eta zure telefonoan martxan izatea.

Ondorioak

Gustatu zait ingurunea, hasieran nahasgarri xamarra egiten da bloke editorearekin aritzea, baina, bere logika apur bat ulertutakoan egin behar dena argiago ikusten da. Dena dela benetako proiektu batean egin beharko litzateke froga, baina printzipioz badirudi gauza politak egiteko balio duela, begiratu bestela adibide gisa egindako aplikazio hauek.

Gehien gustatu zaidana:

  • Egindako aldaketak (diseinu zein funtzionalitate) zuzenean telefonoan martxan ikusteko aukera.
  • Plataforma guztiarekin aritzeko aukera, hau da, GPSa, rotazio sentsorea... erabili daitezke bisualki.
  • Azkartasuna. Benetan azkar egin daitezke gauzak.
  • Arintasuna. Sistemak arinaren sentsazioa ematen du, eragiketa guztiak oso azkar egikaritzen dira.

Gutxien gustatu zaidana

  • Pantaila bakarreko aplikazioak bakarrik sortu daitezke.

Twitter_test froga aplikazioa

Hemendik deskargatu dezakezue froga gisa garatutako aplikazioa. Aplikazioaren iturburua ere ikusi eta erabili dezakezue, App Inventor kontu bat beharko duzue horretarako. Kontuan izan dena den, frogako aplikazio bat baino ez dela, hortaz, baliteke errore edo arazoak izatea, aurkitu eta konpontzen badituzu gustora jasoko nuke horien berri. Honetaz gain iturburua erabili eta hobekuntzak egiten badituzu, mesedez, jarri aldaketa horiek eskuragarri guztiok ikas dezagun.

EGUNERAKETA 2010-09-04

Sarrera idatzi eta publikatu bitarte Twitterrek bere APIa erabiltzeko autentikazio metodoa aldatu du. Orain OAuth bidezko autentikazioa bakarrik onartzen du, eta badirudi App Inventorreko Twitter moduluak ez duela oraindik inplementatu, hortaz, test aplikazioak ezin du loginik egin Twitterren.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek