GitHubera saltoa
Hasieratik software librea izan da CodeSyntaxen oinarrietako bat. Baina ez software librea erabili eta sustatzea bakarrik, software hori sortzea ere bai. Gure garapenetan Plone erabiltzen hasi ginetik, garatzeko modua aldatu egin zen webean oinarritutako garapena egitetik fitxategi sisteman oinarritutako garapena egitera pasatu ginen eta horrek iturburu kodearen kudeaketarako sistema bat jartzera eraman gintuen.
Lehenengo SVN zerbitzari lokala jarri genuen martxan, eta handik gutxira zerbitzari baten jarri genuen kanpotik atzigarri izan zedin. Orduantxe hasi ginen Bitakoraren garapenarekin ere eta hori publikoki jartzeko SVN zerbitzari publiko bat ere jarri genuen. Baina inertziaz-edo, gure kode guztia barneko zerbitzari pribatuan kargatzen genuen.
Orain dela denbora bat, produktuen atala jarri genuen webgunean, gure PYPI zerbitzari txiki bat izango balitz bezala (python-en egindako produktuak argitaratzen diren zerbitzari bat da PYPI), eta hantxe jarri genituen gure egunerokotasunean erabiltzen genituen produktuetako batzuk. Hala ere deskargarako bakarrik daude hor eta nahiz eta iturburu kodea bertan egon pausu bat ematea falta zitzaigun: iturburu kodea kudeatzeko sistema batera kargatzea.
Beraz, eta Rok Garbas esloveniarrak Ploneren iturburu kodea GitHubera migratzeko prestatutako script batzuren laguntzarekin, gure SVN pribatuan zeuden hainbat produktu askatu eta GitHuben jarri ditugu.
Zergatik GitHub? Modan dagoelako eta jendeak hori darabilelako kodea argitaratzeko leku gisa. Egindako lanari bisibilitatea erraz ematen diola eta ekarpenak egiteko modua erraza delako: GitHuben bakarrik izan behar duzu kontua. Gainera gaur egun gehien erabiltzen ditugun produktuak, Plone eta Django, eta bertarako hainbat eta hainbat gehigarri GitHub erabiltzen ari dira argitaratu eta munduan zehar zabaltzeko.
Datozen egun eta asteetan zehar beste produktu batzuk ere argitaratuko ditugu eta daudenak txukundu ere bai. Askori dokumentazio apur bat eta moldaketaren bat falta zaie. Baina pausua emanda dago. Hartu eta erabili!