GipuzkoApps lehiaketako aplikazio originalenaren saria Tribual jokoarentzat
Gaur ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Trono aretoan egindako ekitaldi publiko batean eman dituzte GipuzkoApps sariak. Hiru kategoriatan sei finalista ginen, eta bakoitzak proiektuaren defentsa labur bat egin behar izan du epaimahaiaren aurrean. CodeSyntax-en izenean Mikel Lizarraldek defenditu du Tribual, euskaraz, aplikazioa bera ere hizkuntza horretan baita (baina beste hizkuntzetako bertsio batzuk prestatzen ari gara, dena dela).
Aurkezpenen ondoren, epaimahaiak bilera egin du emaitzarekin etorri dira minutu batzuen buruan. Negozio eredua duen APP onerako saria BeatAndChat aplikazioak eroan du, Ukabi enpresarenak. Eragin sozial handiena izan dezakeen aplikazioaren saria, Aquadaiarentzat (Daia Intelligent Solutions) izan da, eta aplikazio originalaren saria geuretzat, Tribualengatik. Martin Garitano ahaldun nagusiaren eskutik jaso dute saria Mikel Lizarraldek eta gure Android garatzaileak, Anartz Mugikak.
Mekanika errazeko jokoa da Tribual. Android sistema eragilea duten mugikor eta tabletetan jokatu daiteke. Bost galderako sortak erantzun behar dira, eta bi lagunen artean lehia ere izaten da sorta txiki bakoitzarekin. Udan kaleratu zen lehen bertsio, bost galdera motarekin, baina gaur egunean dozenaka galdera tipologia garatu ditugu, eta 60.000 galdera dauzkagu garatuta.
Galderak multzokatu ere egin ditugu, eta tribuak sortu ditugu, tematika jakin batean lehiatu nahi dutenentzat: Literaturako tribua dugu, adibidez, Armiarma proiektuak erabiltzen utzitako milaka galderarekin; edo geografia kontuetan interesatuta daudenen tribua.
Tribual barrutik hobeto ezagutzeko aukera bat laster izango da, Durango Azokako Kabi@ espazio teknologikoan, abenduaren 7an (igandea). Luistxo Fernandezek aplikazioaren barrenak azalduko ditu, 17.20etan emandako tabu hitzaldi batean. Gonbidatuta zaudete.