Gipuzkoako postontziekin lotutako erronka berriak eta norbere datuak deskargatzeko aukera Mendiak APPean
Gipuzkoako postontziekin lotutako erronka berriak
Duela hilabete batzuk iragarri genuen bezala, CodeSyntaxek Gipuzkoako Aldundiarekin eta Mendizale Federazioarekin hitzartutako elkarlan baten barruan, Gipuzkoako 310 mendi garrantzitsuenetako postontzi guztien argazkiak eta informazioa gehitu genituen Mendiak Aplikaziora. Urdaburu mendi-taldearen lana izan zen dokumentazio-lan hori, ondoren guk Mendiak aplikazioan sareratu genuena. Proiektuaren aurkezpena iazko udan izan zen.
Harrezkero, Gipuzkoako Mendizale Federazioak Gipuzkoako postontzi horiek guztiak itxuraren arabera sailkatu ditu, esate baterako, aizkora itxurakoak, suziriak, etxola edo txabola forma dutenak, gurutzedunak, eta abar. Mendizale Federazioak egindako katalogazio-lan hori dagoeneko Mendiak APPean daukagu txertatuta eta erronka berriak ere gehitu ditugu aplikaziora. Ekainetik aurrera egindako igoeretan kontuan izango da Gipuzkoako postontzien datu-base hori eta dominak banatuko ditugu mota bakoitzeko postontzia duten mendiak igo ahala. Beti bezala, mendizaleak ERRONKAK azpiatalean aurkituko du bere igoeren laburpena eta domina-banaketa.
Norbere mendien historiala deskargatzeko aukera
Gipuzkoako erronka berri horiez gain, zenbait aldaketa tekniko txiki ere inplementatu ditugu azken asteotan Mendiak Aplikazioan. Garrantzitsuena deskarga-sisteman egin dugu. Aldaketa teknikoei esker, hemendik aurrera mendizale bakoitzak bere historial guztia jaisteko aukera izango du. Hau da, Mendiak APPera gehitutako igoera guztien informazioa deskargatu ahalko du bere mugikorretik. Igoeren estatistikak, zein mendi igo dituen, igoera bakoitza noiz egin duen, argazkiak...
Datuak PDF, HTML eta CSV (Excel) formatuetan egin daitezke aplikaziotik bertatik. Norbere Profilera sartu eta goian eskuinean azaltzen den Ezarpenen txokora sartuta, hantxe aurkituko du datuak deskargatzeko aukera.
Profileko argazkia eta izena aldatzeko aukera
Datuak deskargatzeko aukera ez ezik, profileko ezarpenetan beste aldaketa txiki bat ere egin dugu egunotan. Hemendik aurrera, ezarpenetatik, gure argazkia eta mendizale-izena aldatzeko aukera izango dugu.