2023/08/02
Joan zen astean aurkeztu genituen Gipuzkoako Foru Jauregian Mendiak aplikazioan egin ditugun zenbait berrikuntza, batez ere Gipuzkoako mendietako postontzien argazki eta informazioari dagozkionak. Urdaburu Mendizale Elkarteak 2021ean egindako lan bat oinarri hartuta, Gipuzkoako 310 mendi nagusietan dauden mendi-postontzien informazio hori txertatu dugu Mendiak.eus webgunean eta Mendiak APPean. Aurkezpenean izan ziren, CodeSyntaxeko ordezkari Josu Azpillagarekin batera, Goizane Álvarez Kiroletako diputatua eta Urdin Elortza Gipuzkoako Mendizale Federazioko bidezidorretako teknikaria.

Joan zen astean aurreratu genuen bezala, Gipuzkoako mendietako postontzi edo buzoien egitasmoa burutu dugu azken hilabeteotan eta uztailaren 27an izan zen aurkezpena Donostian, Gipuzkoako Foru aldundiaren egoitzan. 2021eko udaberrian Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak erronka bota zien klubeko bazkideei Gipuzkoako mendi guztietara igo eta postontzien argazkiak atera zitzaten. Gipuzkoako mendien zerrenda osatu zen, 310 mendi aukeratuz, eta Urdaburu Elkarteko kideak horietako guztietara igo ziren eta postontzi guztien argazkiak atera. Urdaburu Elkarteak egindako lan hura, Gipuzkoako Aldundiaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzarekin, digitalizatu egin dugu eta Mendiak Aplikaziora ekarri dugu 2023. urtean zehar., bai Mendiak.eus webgunera zein Mendiak APPera ere.

Egin diren lanean artean, Urdaburuk jasotako informazioa Mendiak APPeko datu-basera igo dugu eta zerrenda osoa gainbegiratu dugu, toponimoa bateratuz eta Mendiak APPean falta ziren mendi gutxi batzuk gaineratuz. Eduki-lan horretan, postontzien kokapenak, mendien izen arautuak eta errepikatutako mendiak orraztu behar izan ditugu. Gainera, Gipuzkoako 310 mendi horien postontzien argazkiak ere igo ditugu datu-basera eta, mendi batzuen kasuan, fitxaren argazki nagusi gisa ere ezarri ditugu.

Aipatutako informazio hori guztia Mendiak APPean aurkituko duzue eta Mendiak.eus webgunean sortu dugun atal berezi honetan ere bai, Gipuzkoako postontziak izendatu duguna. Informazio osgarria eta proiektuaren xehetasunak joan zen asteko beste albiste honetan irakur ditzakezu. Prentsan ere azaldu da albistea, besteak beste Naiz eta Diario Vasco egunkarietan, eta baita Aldundiaren webguneko albistegian ere. Gure taldekide Mikel Larreategi irratian ere izan zen, Faktoria saioan, egitasmoa aurkezten (13.30 minututik aurrera entzungai hemen).

Aurkezpen egunean azpimarratu genuen bezala, CodeSyntaxetik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan lankide izan ditugun Urdabururi, Gipuzkoako Aldundiari eta Mendi Federazioari, emandako laguntza guztiagatik. Gaineratu nahi dugu, halaber, 2023an abiatu dugun elkarlan eta egitasmo hau lehenengo urratsa besterik ez dela eta, hasieratik daukagun helburuari jarraiki, hurrengo hilabeteetan ere Euskal Herriko mendietako fitxak osatzen jarraituko dugula, postontziei arreta berezia eskainiz, APPean ere leku nabarmenagoa emanez eta, ahal bada, Gipuzkoan hasitakoa beste lurraldeetara zabalduz.

Esteka honetan dituzue ikusgai Gipuzkoako mendietako postontzi edo buzoi guztien argazkiak.

Gipuzkoako mendietako buzoiak

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek