Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiak eta informazioa Mendiak Aplikazioan
Gaur egun teknologiaren parte-hartzea mendizaletasunaren esparruan asko areagotu da eta garai batean mendian gora eta gora buzoiarekin topo egin arte egiten genuen arren, ohitura berriek telefono mugikorrak eta GPS gailuak bidelagun izatera bultzatu gaituzte. Honi erantzunez eta etengabeko digitalizazio prozesu horretan, mendi tontor eta buzoi horien kokapen edo koordenatu zehatzak aplikazioan uztartzea ezinbesteko lana izan da. Gainera, elkarlan horren barruan, Mendizale Federazioek mendizaleontzat idatzi dituzten segurtasun arau batzuk zabaltzen ere lagunduko dugu eta mendizaleentzat erronka txikiak sortu eta plazaratzeko tresna ere txertatu dugu Mendiak Aplikazioan. Helburua, beti bezala, euskal mendizaleentzat informazio eta tresna erabilgarriak kaleratzea, mendizaletasuna sustatzeko asmoz.
CodeSyntaxek kaleratu dituen aplikazioen artean arrakastatsuenetakoa da Mendiak APPa. Euskal Herriko 3.000 mendiren informazioa biltzen duen aplikazioa da eta mendizaleei beren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen die, norbere igoera guztien historikoa eta estatistikak eskaintzen dituelarik. Android eta iPhone gailuentzat dago prest, doakoa da eta 20.000 deskarga baino gehiago ditu, euskara hutsean dagoen aplikazio batentzat marka adierazgarria. 2016an sortu genuen eta harrezkero etengabe eguneratu dugu, informazio eta eduki berria gehituz eta teknikoki ere urtero-urtero eguneraketak eta berrikuntzak erantsiz (50 eguneraketa baino gehiago). Mendiak plataforman argitaratzen ditugun testu guztiak CC-BY-SA lizentzia librearekin partekatzen ditugu. Mendiak APParen inguruko informazio gehigarria eta estekak Mendiak.eus webgunean eta CodeSyntaxen blog honetako beste post batzuetan aurkituko dituzu.
Gipuzkoako postontziak, 310 menditako postontzien argazkiak online
Mendiak APPa eguneratu eta eduki berriz hornitzeko lanen artean, egitasmo ederra izan dugu esku artean azken hilabeteotan. 2021eko udaberrian, pandemia zela-eta, Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak erronka bota zien klubeko bazkideei Gipuzkoako mendi guztietara igo eta postontzien argazkiak atera zitzaten. Gipuzkoako mendien zerrenda osatu zen, 310 mendi aukeratuz, eta Urdaburu Elkarteko kideak horietako guztietara igo ziren eta postontzi guztien argazkiak atera zituzten. Proiektuaren helburua zen Gipuzkoako mendi guztien zerrenda ofiziala osatzea (toponimia egokiarekin) eta baita postontzi guztien katalogoa egitea ere, bere kokapen eta argazkiarekin. Erronka arrakastatsua izan zen Urdaburuk proposatu zuena eta 2021eko uztailean burutu zen. Gipuzkoako mendi eta postontzi guztiak katalogatu ziren eta egindako lanaren laburpena mapa honetan jaso zuen Urdaburu elkarteak.
Urdaburu Elkarteak egindako lan hura, Gipuzkoako Aldundiaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzarekin, Mendiak APP honetara ekarri dugu 2023. urtean zehar. Egin diren lanak izan dira:
- Lehenengo eta behin, Urdaburuk jasotako informazioa Mendiak APPeko datu-basera igo dugu.
- Zerrenda osoa gainbegiratu dugu, toponimoa bateratuz eta Mendiak APPean falta ziren mendi gutxi batzuk gaineratuz. Eduki-lan horretan, postontzien kokapenak, mendien izen arautuak eta errepikatutako mendiak orraztu behar izan ditugu.
- Gipuzkoako 310 mendi horien postontzien argazkiak igo ditugu datu-basera, horretarako berariaz sortutako eremu eta kokapen berri batekin.
- Mendi batzuen fitxaren kasuan, argazki nagusia ere aldatu dugu eta Urdaburuk ateratakoa ezarri diogu. Ikus adibiderako, Urdaburu, Agiña, Aitxuri, Zarateaitz, Gazume, Larraone edo Uarrain mendien fitxak.
Aipatutako informazio hori guztia Mendiak APPean aurkituko duzue eta Mendiak.eus webgunean sortu dugun atal berezi honetan ere bai, Gipuzkoako postontziak izendatu duguna.
CodeSyntaxetik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan lankide izan ditugun Urdabururi, Gipuzkoako Aldundiari eta Mendi Federazioari, emandako laguntza guztiagatik. Gaineratu nahi dugu, halaber, 2023an abiatu dugun elkarlan eta egitasmo hau lehenengo urratsa besterik ez dela eta, hasieratik daukagun helburuari jarraiki, hurrengo hilabeteetan ere Euskal Herriko mendietako fitxak osatzen jarraituko dugula, postontziei arreta berezia eskainiz, APPean ere leku nabarmenagoa emanez eta, ahal bada, Gipuzkoan hasitakoa beste lurraldeetara zabalduz.
Mendizaleentzat erronka txikiak eta Segurtasuna mendian
Gipuzkoako mendietako postontziekin egindako lanarekin batera, egitasmo honetan beste 2 kontu ere ari gara lantzen: mendizaleentzat erronka txikiak eta segurtasuna mendian,
Mendizaleentzat erronka txikiak Mendiak APPean
Mendizale Federazioek eta Klubek duela 100 urtetik euren lehiaketekin egiten duten bezala, Mendiak aplikazioan ere erronka txikiak ezartzen dizkiegu mendizaleei, X mendi igo ditzaten eta igoerak metatu ahala "domina" birtualak emanez.
Mendiak APPean 20 erronka ezberdinetik gora ditugu sortuta dagoeneko eta, lankidetza honen barruan, beste hainbat sortzeko asmoa daukagu, betiere Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean eta mendi-lehiaketen asmo beretsua izango luketenak, Euskal Herriko eskualdeak eta mendiak hobeto ezagutzearena. Aipatu ditugunetako batzuk izan daitezke, esaterako, norbere herri alboko 50 mendiak igotzea, edo gotorlekua duten X tontor igotzea, edo Ermita duen tontor bat igotzea probintzia bakoitzean, edota Aizkora itxurako postontzia duten tontorrak igotzea... Hasierako ideiak besterik ez dira, baina datozen hilabeteotan erronka horiek sortzen eta promozionatzen arituko gara mendizaleen artean.
Segurtasuna mendian
Bestalde, Mendizale Federazioek sortu duten Segurtasunanerako gida eta Seiburua ere sareratu ditugu Mendiak aplikazioan. Federazioek sortutako material hau garrantzi handikoa da mendizaleen segurtasunerako eta gure plataformaren bidez ere oihartzuna eman nahi izan diogu.
Federazioko kideek azaldu duten bezala, azken urteotan mendizale kopurua asko hazi da eta ingurune naturala helburu turistiko ere bilakatu da. Horren ondorioz, mendiko larrialdi-erreskateen kopurua izugarri handitu da. Egoera horri erantzunez eta mendizaletasunaren kirol praktika segurtasunez egin ahal izateko, jarraibide batzuk (ikus emf.eus webgunean) eta segurtasunerako SEIBURUA argitaratu du Euskal Mendizale Federazioko Segurtasun Batzordeak.
SeiBurua sei gako dira. Sei ideia erraz transmititzeko modukoak, baita mendiari buruzko ezagutza oso zehatza ez dutenentzat ere. Edozein mendizalek natur ingurunera irten aurretik kontuan hartu behar dituen harri angeluarrak.
Mendietako postontziak jartzeko eta mantentzeko araudia
Ohar bat ere gehituko nahiko genuke. Euskal Herriko mendi elkarteei edota berezko Euskal eta lurraldeko federazioei dagokie era esklusiboan gure mendi gailurretako postontzi edo gutunontziak jartzeko, mantentzeko, berritzeko eta desinstalatzeko ahalmena.
Gipuzkoari dagokionez, lurralde honetako Mendizale Federazioak.araudi bat dauka mendi gailurretako postontzien instalazioa, mantentzea eta ingurumen-sentikortasuna arautzeko asmoz. Gipuzkoako Mendi Federazioari (GMF-ri), era esklusiboan dagokio, dokumentu honetan zerrendatutako ekintzei baimen egokiak emateko edo ukatzeko ahalmena Gipuzkoako lurralde historikoaren eremuan.