Gipuzkoak 1.000 urte bete ditu aurten eta erronka bereziak gehitu ditugu Mendiak APPean Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean

Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko 1025. urteko agiri batean azaltzen da lehenengoz idatzita Gipuzkoa terminoa (Ipuscua, dokumentu hartan). Mila urte igaro dira data hartatik eta, milurtekoa aprobetxatuta, hainbat ospakizun antolatuko ditu urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Mendizaleok ere ospatu nahi dugu data borobil hori eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta CodeSyntaxek erronka berri eta bereziak gehitu ditugu Mendiak APPean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Milurtekoko G.I.P.U.Z.K.O.A. erronka
Lau erronka berri aktibatu ditugu egunotan Mendiak Aplikazioan. Horietako bereziena G.I.P.U.Z.K.O.A. 1000 urte izendatu duguna izango da. Gipuzkoak 8 hizki dituela aprobetxatuta eta herrialdeak ere 8 eskualde dituenez, 2025. urtean zehar Gipuzkoako 8 mendi esanguratsu igotzea izango da erronka honen helburua, eskualde bakoitzean bana.
Hauexek izango dira erronka osatzeko 2025ean igo beharko diren 8 mendiak, eskualdez eskualde: Kurutzebakarra (Debabarrena), Andarto (Debagoiena), Murugil (Urola Kosta), Gazume (Urola), Ausa Gaztelu (Goierri), Uarrain (Tolosaldea), Oindi (Beterri-Donostialdea) eta Munagirre (Bidasoaldea). Ikusi erronkaren orrialdea.
Betiko mendirik ezagunenak alde batera utzi dira oraingo honetan (Erlo, Aizkorri, Txindoki, Aiako Harriak...) eta mendi pixka bat ezezagunagoak aukeratu dira erronka honetarako, Mendizale Federazioaren nahia beti izaten baita mendizaleak gure geografia hobeto ezagutzera bultzatzea, mendi eta eskualde berriak bisitatzera animatuz. Mendi ederrak dira eta ez zailegiak, oro har, edozein mendizalek, gazte zein nagusi, igotzeko modukoak. Gipuzkoako mendizaleentzat ez ezik, Euskal Herri osoko mendizaleentzat dago irekita erronkan parte hartzea, noski.
Erronkan parte hartzeko, Mendiak Appa instalatu beharko du mendizaleak, lehendik ez badu, eta bertan markatu beharko ditu 8 mendietara egindako igoerak. Mendi bat igotzen den bakoitzean G.I.P.U.Z.K.O.A. hitzeko hizki bat gehituko zaio, amaieran GIPUZKOA hitza osatu arte. Erronka betetzen duten mendizaleen artean, domina digitalak banatzeaz gain, oroigarriak eta opariak ere banatuko dituzte antolatzaileek. Besteak beste, Gipuzkoako Goimendi Eskolak 10 lagunentzako eskainiko duen mendi-orientazio ikastarorako gonbidapenak, Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa) liburuaren 25 ale eta Mendiak APParen produktu-sorta (kamisetak, txolotak, kantinplorak, eta abar).
'Gure herriko 50 gailurrak' eta beste zenbait erronka berri 2025. urterako
Gipuzkoaren milurtekoaren inguruko erronka hori ez da izango aurten Mendiak Aplikazioan aktibatu dugun bakarra. Horrekin batera, eta Aplikazioan urtero aktibatzen diren erronkekin batera (100 mendien lehiaketa, 100 mendi ederrenen lehiaketa, 10 mendien lehiaketa, 7 herrialdeetako erronkak eta abar), aurten beste 4 erronka berri ere aktibatuko ditugu berariaz.
Politenetako bat Gertuko 50 gailurrak izendatu duguna izango da. Mendiak Aplikazioari norbere herria zein den adierazten badiogu, aplikazioak esango dizu zeintzuk diren zure etxetik gertuen dauden 50 gailurrak eta horiexek igotzea izango da proposatuko zaizun erronka, denbora mugarik gabe. Domina birtualak emango zaizkio mendizaleari 10, 20, 30, 40 eta 50 mendi igotzen dituenean, azken horrekin erronka egintzat markatuko delarik. Orain arte egin diren igoerak ere aintzat hartuko dira erronka honetan; mendizaleak ez du, hartara, hutsetik hasi beharko. Hemen informazio gehigarria.
Bestalde, gaztetxoenen mendizaletasuna sustatzeko, Familiak gailurrean izeneko erronka txikia aktibatu dugu. Helburua izango da 2025. urtean zehar haurrekin igotzeko moduko 10 tontor igotzea familian. Mendiak APPean ikono berezi batekin dauzkagu markatuta mendi polit baina erraz horiek. Aukeratu zure gustukoak eta partekatu mendizaletasuna familiako txikienekin!
Bukatzeko, 2024. urtean Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin batera osatutako Gipuzkoako postontzien inguruko erronken jarraipen gisa, 2025. urtean Mendia eta historia izeneko erronka proposatu diegu mendizaleei eta helburua izango da mendi-ibilaldiak ondare historiko eta kulturalaren ezagutzarekin uztartzea. Parte-hartzaileak garrantzi historiko edo kulturala duten 5 menditara igo beharko dira (gazteluak, hondakinak edo tokiko istorio ezagunak dituzten tontorrak). Hemen informazio gehigarria eta mendien zerrenda.
Erronka horien guztien kasuan ere, Mendiak Aplikazioak domina birtualak eta ziurtagiriak banatuko dizkie erronkak osatzen dituzten guztiei eta, urte amaieran, hainbat produktu zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean, besteak beste 'Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa)' liburuaren 50 ale eta Mendiak Apparen produktuak (kamisetak, kantinplorak eta abar).
Lerro hauen bitartez erronka hauetan parte-hartzera gonbidatzen ditugu euskal mendizale guztiak eta eskerrak ematen dizkiegu Gipuzkoako Mendizale Federazioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu honetan bidelagun izatearren.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
Udal aplikazioak
2025/02/18
Hitzetatik Ekintzetara 2025: 18.GJH
2025/01/24