Firefox OS: aukera bat aplikazio mugikorrak egiteko, egiazki webguneak garatuz
Hemen Julen Ruizen aurkezpena, Donostian izandako IEB 2013 biltzarrean aurkeztu zuena (Zaloa Etxaniz CodeSyntax-ekoak ere hitz egin zuen biltzar horretan).
Haren jardunetik azpimarratu daitezkeen puntu batzuk.
- Kontuz app-ekin: lehen webgintzak Microsoften IErekin zuen arrisku berdina dugu mugikorretan iOS eta Androidekin eta, batez ere, euren marketplace-ekin.
- Nabigatzaileen itxitura gertatzeko arriskua zegoen garai hartan, Mozilla fundazioak, Netscape zaharretik tiraka, Firefox atera eta webgintza irauli zuen, nabigatzaile ez estandar hari (IEri, alegia), kontra eginda. Orain berdina lortu nahi da mugikorretan, Firefox OS-rekin.
- Zein den diferentzia: ba, Firefox OS zabaltzen duzunean, jada nabigatzaile bat (Firefox) zabaltzen duzu, Interneteko nabigatzailea bera da sistema eragilea. Eta, hardwareak API bidez bidaltzen du informazio guztia, nabigatzailera.
- Beraz, edozein HTML5eko aplikazio/garapen komunikatu daiteke osoki hardwarearekin. Orain, hain xuxen, hori da Android edo iOS app bat egiteko arrazoi nagusietako bat, bakarra ez bada: ezin dela azelerometroa, argazki kamera, orientazioa, GPSa... erabili HTMLtik.
- Lehenengo gailuak aterako ditu Mozilla fundazioak berak; nahiko aparailu xumeak izango omen dira, eta hasiko dira komertzializatzen herrialde txiroagoetan (India, Hego Amerikan...)
Gainera, Firefox OS sistema berria simulatzaile baten bidez erakutsi zuenean, Zurean.com aukeratu zuen horretarako. Tira, CodeSyntax-en garapen bat da Zurean.com, eta webgune bat den arren, mugikorrean erabiltzeko dago pentsatua osoki. PC batean irekitzen baduzu, praktikotasun gutxi topatuko diozu. Mugikor batean, berriz, aplikazio natibo bat bezala joango zaizu. Eta, kasu honetan, Apple-ren iOS izan, Android izan, eta etorriko diren Ubuntu mugikorra izan edo Firefox OS izan, geuri bost: denetan ondo (hori espero dugu behintzat).
Herriko informazio praktikoa jasotzeko tresna da Zurean. Hemen duzu informazio gehiago berari buruz.