EuskaraBildua jardunaldian, atzerriko esperientziak
Jardunaldi interesgarria izan zen, baina kronikatxo honetan atzerriko ekarpenetan fijatuko gara.
Davyth Hicks Eurolang erakundekoak hizkuntza gutxituak Europako testuinguruan garrantzitsuak zirela nabarmendu zuen. Hizkuntza zeltikoetan du berak esperientzia, eta hor galesaren inguruko adibideekin hornitu gintuen, euskararekin paralelismo gehienak dituena. Berriki zabaldu den Metanet azterketaren berri ere eman zuen, eta, kafearen tartean, horretaz jarduteko aukera izan genuen berarekin. Eman izan diren titularrak kazetarien arreta deitzeko eginak direla komentatu genuen. Ez da posible estatu-egiturak dituzten hizkuntza batzuk, hala nola islandiera edo lituaniera, digitalki desagertzeko zorian izatea. Dena den, teknologietan, sarean, gaituta egotea ezinbestekoa da gure hizkuntzentzat, horretan ados Hicksekin.
Kontaktu interesgarri bat da Hicks, ez bakarrik Eurolang-en, ELEN sarean (European Language Equality Network delakoa, Europako hizkuntzen berdintasunaren sarea), eta Europako Parlamentuko hizkuntzentzako batzorde batean ere badabil.
Kataluniatik Albert Cuesta etorri zen, teknologietan berezitutako kazetari bat, freelance gisa hainbat tokitan dabilena. Twitterren katalanezko interfazea izatearen aldeko kanpainaren bultzatzaile nagusia izan zen, eta hori aurtengo udan lortu izanarekin oso pozik dago (handik gutxira lortu genuen euskaraz). Dena den, zenbat jendek jarri duen interfazea katalanez, gutxi iruditzen zaio: 60.000 inguru omen horrenbeste, eta hori gutxi iruditzen zaio. Baina, era berean, Facebook-en sartzen denean han interfazea ingelesez duela onartu zuen eta... Alegia, gauza bat da azken finean menua, eta beste bat jana (jardunaldira nirekin etorri zen Luistxo Fernandez CodeSyntaxeko lankidea ezagutzen baduzue badakizue hau sarri esaten duela, eta honetaz ere jardun genuen Cuesta-rekin).
Etorkizunera begira, mugikorretako azpiegituran katalana egotearen garrantzia azpimarratu zuen. Hor, Android esparruan zailtasunak daude eta zergatik, ba, bitxia bada ere, oso librea izanik telefonia enpresek beren erara manipulatzen dutelako esparrua. Aldiz, laster sarean izango den Windows bertsio mugikor berria katalanez izango dela iragarri zuen (eta nonbait euskaraz ere bai). Kezkarekin ikusten duen beste esparru bat ahots ezagutzarena da. Cuestak bideo bat erakutsi zigun, pertsona bat kafe makinari hizketan macchiato bat jar diezaion, eta makinak bakarrik hizkuntza nagusi parea ezagutzen du... Laster hori kotxeekin ere gertatuko da, eta katalanez egiten ez duenik ez du nahi Cuestak.
Apur bat Cuestak Twitter katalanizatzeko egin duen lan bera egin du euskarazko interfazearen alde Lander Arbelaitz Argiako kazetari eta langileak. Jardunaldien amaieran, Argia.com laster berrituko dela iragarri zuen Arbelaitzek. Besteak beste, edukiak libre izango dira, cc-by.sa. Aitzindari izan den hedabide batean urrats garrantzitsu bat gehiago, jardunaldiari amaiera emateko modu egokia izan zen iragarpen hori.